Politika -
Eusko Legebiltzarra
Autogobernu Lantaldearen etorkizuna, kolokan
Bilera berri baterako datarik ez dute zehaztu. Adostasun batera heltzeko aukerak ikusten ditu EAJk. PSE-EEk, aldiz, Lantaldeak “indarra galdu” duela uste du, eta PPren ahotan, "hilik" dago.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen etorkizuna kolokan dago gaurko bileraren ondoren; izan ere, gutxienez bi talde eztabaidarako gai baten inguruan akordio batera heltzen ez badira ez da berriro bilduko.
Euskadiko autogobernua eguneratzeko prozedurarik onena uste dutenarekin azken asteetan agiriak aurkeztu dituzte Ganberako talde guztiek.
Gaur EAJren txanda izan da. Euskadirentzako status politiko berri bat proposatu dute jeltzaleek. Euskal Herria subjektu politiko gisa aitortu eta erabakitzeko eskubidea onartzea nahi du EAJk, baina marko legalaren barruan, hau da, aldebakarreko biderik eta hausturarik gabe.
Taldeek euren jarrerak mantendu dituzte eta Lantaldea kolokan dago, legealdia bukatzeko hilabete gutxi falta direnean. Jone Berriozabal (EAJ) Lantaldeko koordinatzaileak azaldu duenez, bilera berri baterako datarik ez dute zehaztu.
Hala ere, Lantaldetik at alderdiek aldebiko harremanak izaten jarraituko dutela nabarmendu du Berriozabalek, akordio batera heltzeko saiakeran.
Urrira arte geratzen diren sei hilabeteetan adostasun batera heltzeko aukerak ikusten ditu EAJk. Hala ere, uztaila eta abuztua baliogabeak direla gogorarazi beharra dago.
Lantaldeak “indarra galdu” duela uste du Isabel Celaa legebiltzarkide sozialistak, alderdi politiko ezberdinen jarrerak “oso urrun” daudelako. Celaaren ahotan, aldebiko harremanen helburua “Estatutua eguneratzea” baldin bada akordioa posible da, baina “independentziara hurbiltzea” bada sozialisten zain ez egoteko.
Borja Semper PPko bozeramailearen hitzetan, Lantaldea “hilik” dago, “berritasunik ez dagoelako, jarrerak ezagunak dira eta eztabaida azken hamarkadetako bera da”.