Politika -
Echeniqueren izendapena
Podemosen krisiari azkena ematen ahaleginduko da gaur Iglesias
Estatuko Podemosek hitzordu garrantzitsua du: "garai berria"ri ekingo diola irudikatuko du gaur.
Agentziak | Erredakzioa
Podemosen herritarren batzordeak –asanbleen arteko zuzendaritza organorik gorena- bilera garrantzitsua egingo du gaur, Sergio Pascual Antolakuntza Idazkariaren kargugabetzeak eraginda Pablo Iglesias eta Iñigo Errejonen arteko desadostasunek alderdian krisia sortu ondoren.
Hain justu lan hori egiteko enkargua eman dio Iglesiasik Pablo Echenique Aragoieko liderrari, Sergio Pascualen tokia hartuko duenari. Alderdiko buruzagiak "kudeaketa txarra" egitea leporatu zion eta Iñigo Errejonen konfiantzako gizona kargutik kentzea erabaki zuen. Echeniqueren izendatzeak garrantzia handia du, Podemoseko korronteen elkar ulertzerako, alderdi barruan babes handiko izena baita.
Babes handiko izendapena
Carolina Bescansa Analisi politiko eta sozialetako idazkariaren arabera, Echeniqueren izendapena poz handiz hartu dute alderdian, eta Aragoiko buruzagia “pertsona argia eta oso maitatua” dela nabarmendu du.
Orain arteko Antolakuntza idazkariak bere ordezkoari buruzko iritzia eman ahal izango du, bere botoaren bidez eta, nahi izanez gero, batzarrean hitz eginez, Batzordeak egingo duen eztabaidan. Echeniquek alderdiaren egoerari buruzko txostena eta martxan jarri nahi dituen hobekuntzen emango du aurrena, eta ondoren abiatuko da eztabaida.
Ibilbide orria
Echeniquek aurkeztuko duen agiria duela bi aste Iglesiasek enkargatu zion. Errejonek ere ondo hartu du izendapena, eta erakundeari "oxigenoa" emango diola nabarmendu du.
Podemoseko bigarrenaren ustez ere estrategian aldaketa egin behar dute eta “hauteskundeei begira gerra makinariari ekiteko” beharrezko aldaketa eman beharra dute.
Iglesiasen txosten politikoa
Herritarren Batzordea 10:00etatik aurrera bilduko da eta Iglesiasen txosten politikoaren aurkezpenarekin abiatuko. Podemosen barruko egoera eta testuinguru politikoa aztertuko ditu; zuzenean jarraitu ahal izango da.
Bileraren bigarren zatia eta Echeniqueren aurkezpena, berriz, ateak itxita egingo da.