Politika -
Gurtel auzia
Enpresari batek onartu egin du Valentziako PP legez kanpo finantzatzea
Enrique Ortiz enpresaburuak aitortu egin du Valentziako Erkidegoko Alderdi Popularra legez kanpo finantzatu zuela, 2008ko hauteskunde orokorretako kanpaina antolatze aldera.
Agentziak | Erredakzioa
Enrique Ortiz enpresaburuak aitortu duenez, Valentziako Erkidegoko Alderdi Popularrari dirua eman zion legez kanpo, 2008ko hauteskunde orokorretako kanpaina antolatzeko xedearekin. Egitateak onartzeagatik ezarri beharreko espetxe-zigorra murriztea eskatu dio Auzitegi Nazionalari.
Europa Press agentziak irakurri ahal izan duen Ortizen defentsa-idazkian, ados ageri da akusazioak deskribatutako egintzekin, eta onartu egiten du 348.115 euro eman zizkiola Valentziako Alderdi Popularrari 2008ko hauteskunde orokorren harira.
Grupo Cívica taldeko partaide den Enrique Ortiz e Hijos Contratista de Obras enpresako arduradunak onartu duenez, Gurtel sareko Orange Market elkarteak hainbat faktura eman zituen bere enpresak zerbitzu jakinak ematen zituen itxura egiteko, eta diru-emate horiek "legezko tankeraz" janzteko.
Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak lau urteko espetxe-zigorra eskatzen du enpresaburuarentzat hauteskunde-kontuetan egindako delituengatik eta merkataritzako dokumentua faltsutzeagatik. Aurkeztu duen defentsa-idazkian Ortizek kartzela-zigorra 15 hilekoa izatea eskatzen du, eta multa bat ezar diezaiotela.
Javier de Andresek txalotu egin ditu Ortizen aitorpenak
Euskadiko PPko idazkariorde nagusi Javier de Andresek ziurtatu duenez, "oso ona da, egia izatekotan, mota horretako egintzak Justiziaren ezagutzan jartzea".