Politika -
Negoziazioak
Espainiako Gobernuak 100 egun jardunean, akordiorako zantzurik gabe
Rajoyk esan du akordioa eskainiko diola Sanchezi Podemosen negoziaketek porrot eginez gero. Bihar izango da Podemosen eta PSOEren arteko bilera, eta lehenak berretsi du ez dela abstenituko.
eitb.eus
100 egun bete dira abenduaren 20ko hauteskundeetatik. Espainiako Gobernuak jardunean jarraitzen du, eta batzuen eta besteen adierazpenek ez dute aurreikusten Gobernua osatzeko berehalako akordioa izango denik.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak aurreratu du gobernu akordioa eskainiko diola berriro Pedro Sanchez PSOEren buruari, horrek Podemosekin itunik lortzen ez badu. "PSOEk Podemosekin osatu nahi badu gobernua, PPk hor ezin du ezer egin", azpimarratu du.
Rajoyk, Onda Ceron egindako elkarrizketa batean, argi adierazi nahi izan du ez diola Sanchezi deituko buruzagi sozialista Pablo Iglesiasekin bildu aurretik. Bilera bihar izango da, eta horren zain geratuko da. Itunik ez dutela lortzen ikusiz gero, koalizio handia osatzea proposatuko dio berriro Sanchezi.
Hori bai, hori posible izan dadin PSOEk PPrekin gobernua osatzeari ateak ireki beharko liokeela aitortu du.
Sanchez, Podemosekin eta Ciudadanosekin
Bestalde, PSOEren idazkari nagusiak ez du baztertu gobernua osatzeko formularik egoera politikoa desblokeatzeko; hori dela eta, ez dizkio ateak itxi proposatzen duen gobernuan Podemoseko eta Ciudadanoseko kideak izateari.
Sanchezek Ser irrati katean esan du zeharkako gobernua dela aukera bakarra, eta aldaketaren alderdi politiko guztiak egongo liratekeela: PSOE, Podemos eta Ciudadanos.
Horixe adieraziko dio bihar Pablo Iglesias Podemosen idazkari nagusiari. Biharko batzarrean Iglesiasek akordioan aurrera egiteko prestutasuna agertzea espero du Sanchezek.
"Ez du zentzurik agonia hau luzatzeak", azpimarratu du Sanchezek, ezkertiarrek eta aldaketaren alderdiek bat egin behar dutela adierazi aurretik.
Iglesiasek, abstentziorik ez
Podemosek "baikor" ekingo dio bilerari; eta koalizio gobernua "Valentziako erara" osatzea eskatuko du berriro, PSOEk Ciudadanosekin jarraitzen badu abstentziorik ez duela emango argi utzita.
Rafael Mayoral Podemosen ordezkariak esan du "Valentziako erako koalizio gobernuaren aldeko apustu irmoa" egiten jarraituko dutela, duela hilabete batzuk, PSOEk Ciudadanosekin akordioa lortu aurretik, egin zuten bezalaxe.