Politika -
bederatzi zinegotzi
PPk kaleratu egin ditu Valentziako Udaleko aholkulari eta zinegotziak
Valentziako PPko Zuzendaritzak gutun bat bidali zien zinegotziei martxoaren 22an, aktak entregatzeko eskatuz, hamar eguneko epean.
agentziak | erredakzioa
PPk militantziatik kanpo utzi ditu dirua ustez zuritzeagatik ikertutako Valentziako Udaleko zinegotziak eta aholkulariak, badaezpadako neurria hartuta. Halere, horrek ez du ekarriko barne ikerketa etetea, alderdiak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Eskubideen eta Bermeen Batzordeak hartutako erabakiak bederatzi zinegotziei eta ikertutako aholkulariei eragiten die; hain zuzen, Imelsa auzitik kanpo dagoen atal batean ikertzen ari dira guztiak, legez kanpoko finantzaketagatik eta PPren udal taldearen dirua ustez zuritzeagatik.
Zinegotziak Alfonso Novo, Beatriz Simon, Vicente Igual, Maria Angels Ramon-Llin, Cristobal Grau, Felix Crespo, Lourdes Bernal, Maria Jesus Puchalt eta Alberto Mendoza dira, eta talde horri gehitu behar zaizkio udal taldeko aholkulariak (militanteak).
Izan ere, guztiek aurkeztu dute idazki bat alderditik baja emateko eskatuz; hori izan da, hain justu, Eskubideen eta Bermeen Batzordeak hartutako erabakia, baina, halere, barne ikerketak jarraituko du.
Alfonso Novok bozeramale karguari ere uko egin dio aurkeztutako testuan.
Valentziako PPko Zuzendaritzak gutun bat bidali zien zinegotziei martxoaren 22an, aktak entregatzeko eskatuz, hamar eguneko epean.
Bestalde, Rita Barbera Valentziako alkate ohi eta senatariak deklaratu egingo du instrukzio epailearen aurrean, berak hala onartuta, Auzitegi Gorenak ikerketa zabaltzera behartu baino lehen, bera foruduna baita.
Aste Santua baino lehen, Eskubideen eta Bermeen Batzordeak Francisco Molinero Hoyos Albaceteko diputatua hautatu zuen Barberari -eta gainontzekoei- zabaldutako espedientearen instruktore.
Auziaren atal horren ebazpena ezagutu eta egun bat geroago, eta Barberak epailearen aurrean deklaratzea onartu eta ordu batzuetara, hartu zuen erabakia alderdiak.