Politika -
Bilera
Helburua EAJri 'Gobernua kentzea' dela adierazi du Podemos Euskadik
Gobernu bat osatzeko alderdien arteko akordio bat ez lortzeagatik hauteskunde orokorrak berriz deitu behar izatea “porrota” izango litzatekeela uste dute EAJk eta Podemos Euskadik.
Agentziak | Erredakzioa
EAJko buruzagiekin egindako bilerak euskal herritarren arazo batzuetan adostasunak aurkitzeko balio izan duela adierazi du Nagua Alba Podemos Euskadiko idazkari nagusiak, baina ez, ordea, “konponbideetan”. Horregatik, Podemosek “Euskadin ere aldaketa” nahi duela berriro esan du Albak. Ondorioz, helburua EAJri “Gobernua kentzea” dela gogorarazi du.
Bestalde, gobernu bat osatzeko alderdien arteko akordio bat ez lortzeagatik hauteskunde orokorrak berriz deitu behar izatea “porrota” izango litzatekeela uste dute EAJk eta Podemos Euskadik. Zentzu horretan, PSOEko eta Podemoseko idazkari nagusiek egin beharreko bileraren aurrean baikor agertu dira bi alderdiak.
Podemos Euskadiko idazkari nagusia Andoni Ortuzar EBBko presidentearekin bildu da, alderdiaren zuzendaritza hartu duenetik alderdiekin abiatu duen lehen elkarrizketa errondaren harira.
Bilboko Sabin Etxean egin dute bilera, 12:00etatik aurrera eta bi orduz izan dira elkarrekin. Andoni Ortuzar eta Itxaso Atutxa BBBko presidentea eta Koldo Mediavilla EBBko kidea izan dira jeltzaleen izenean, eta Podemosen aldetik, ostera, Lander Martinezez eta Eduardo Maurak lagunduko dute Nagua Alba.
Bileraren ostean, Podemos Euskadiko buruzagiak "oso atsegina eta oso konstrutiboa" izan dela adierazi du. Albak azaldu duenez, Espainiako gobernua osatzeko Madrilen izaten ari diren hartu-emanak aztertu dituzte jeltzaleeen ordezkariekin. Bere hitzetan, batzuen zein besteen ustez, Estatuko gobernua sortzea ezinezkoa balitz, "porrota" litzateke hauteskunde orokorrak berriro egin behar izatea.
Hala ere, baikor agertu da Nagua Alba, azken asteotan "keinuak" ikusi dituelako, eta horien arabera bihar Pedro Sanchez PSOEko buruaren eta Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren arteko bileran akordioa egon daitekeela pentsatu daiteke. "Aldaketaren gobernua osatzeko benetako aukera dago, Mariano Rajoy Monkloatik ateratzeko, baita bere politika guztiak ere" esan du Albak.
Nagua Albak EAEko alderdietako ordezkariekin biltzeko asmoa du, Podemos Euskadiko idazkari nagusi izendatu zutenean, duela astebete, iragarri bezala. Datozen egunetan gainerako alderdietako ordezkariekin bilduko da, oraindik data zehatzik ez badago ere.
EAJk 'distantziatik' hartu du Podemos
Itxaso Atutxa EAJren Bizkaiko presidenteak bilera hasi aurretik esan duenez, "kortesiazkoa" izan da, eta "tonua ezinhobea" izatea espero zuen, "desadostasunetik" baldin bada ere.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean gogora ekarri duenez, Podemosek jeltzaleak "bota" nahi ditu Jaurlaritzatik eta ez du haiekin negoziatzeko asmorik, beraz, bileran distantzia nabarmena espero zuen.
"Podemos Euskadik oraindik bere lekua bilatu behar du. Hauteskunde orokorretako bultzadarekin daude oraindik", eta "barne eraikuntza lanetan" murgilduta, azaldu du buruzagi jeltzaleak.
Atutxaren arabera "bide berri bat hasiko da gaur EAJren eta Podemosen artean", nahiz eta Podemosek "botoak ahal duen leku guztietan bilatzen dituen".