Politika -

Aberri Eguna 2016

Sortu: 'Euskaldun sentitzeko modu guztiek dute lekua Aberri Egunean'

Pernando Barrean esan du estrategia independentista berritu egin behar dela, "une honetan independentistak ez diren sektore sozialak erakartzeko".

Pernando Barrena Sortuko bozeramailea. Argazkia: EFE
Pernando Barrena Sortuko bozeramailea. Argazkia: EFE
Pernando Barrena Sortuko bozeramailea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak “naturaltzat eta normaltzat” jo du Ahal Duguk Aberri Eguna ospatzea, “euskal herritar guztien eguna delako, salbuespenik gabe”.

Barrenak prentsaurrekoa eskaini du Donostian eta Sortuk Aberri Eguna Iruñean ospatuko duela iragarri du, Independentistak Sareak antolatutako ekitaldiarekin bat eginda.

Barrenak esan du Euskal Herriko alderdi politiko batek Aberri Eguna ospatzea albiste izateak agerian uzten duela “herri honetan anormaltasun politikoa oraindik handia” dela.

Argi utzi nahi izan du Aberri Egunean “euskal komunitatearen eguna” ospatzen dela, ideologia guztien gainetik.

“Herri honetan euskal herritar sentitzeko modu asko dago eta Aberri Eguneko ospakizuna irekia da, herri sentitzeko modu ezberdin guztiek dute lekua”, azpimarratu du.

Estrategia independentistaren eraberritzea

Bestalde, Barrenak esan du Euskal Herriak estrategia independentista “berritua” behar duela, “egungo testuinguru historikoak eskatzen dituen erronka politiko eta sozialei erantzuteko”.

“XXI. mendeko independentismoaren erronka nagusietako bat izango da une honetan independentistak ez diren sektore berriak erakartzea”, nabarmendu du.

“Independentzia helburua baino gehiago, ongizate gehiago lortzeko eta justizia soziala bermatzeko erreminta dela azaltzen asmatu behar dugu”, erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Sortu Aberri eguna bideoak Eguneko albisteak