Politika -

Garzon, akusatuen aulkian

Zer gertatuko da Garzonek esku artean dituen auziekin?

Auzitegi Nazionaleko epailea hainbat auzi ikertzen ari da, hala nola Batasunaren, EHAKren eta ANVren aurkakoak eta 'Faisan' auzia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kautelazko neurri gisa Baltasar Garzon kargutik kenduko balute, erabakiak eragina izango luke Auzitegi Nazionaleko epailea izapidetzen ari den hainbat auzitan, hala nola EHAKren eta EAE-ANVren aurkakoetan, ''Bateragune''ren harira irekitakoan eta ''Faisan'' auzian.

Halaber, besteak beste, Herriko Tabernen finantzaketa, Espainian dauden mafia errusiarrak, Kataluniako ustelkeria sare bat (Pretoria auzia), Saharako genozidioa eta Guantanamoko torturak ere atzertzen ari da.

Atzo, Luciano Varela Auzitegi Goreneko epaileak argi berdea eman zion Garzon epaitzeari, prebarikazio delitua egotzita, eskuduntza ez izanda ere diktadura eta gerra zibil garaian izan ziren desagerpenak ikertzen hasteagatik.

Hori horrela, Botere Judizialak epailea kargutik kenduko balu, seguru aski Santiago Pedrazek hartuko lituzke haren auziak, bera baita Garzonen ordezkoa oporretan dagoenean.

Auzi ekonomikoei dagokienez, Garzon Forum Filatelicoko ustezko iruzurra ikertzen ari da 2006ko maiatzetik. Kasu horretan, 20tik gora pertsona auzipetu ditu, iruzur egitea, dirua zuritzea eta beste hainbat delitu egotzita.

Enrique Bañuelos Astroc konpainiaren aurka ere prozesu bat abiatu zuen, prezioak aldatzeko azpijokoak egitea leporatuta.

ETA eta ezker abertzalea

Otsailaren 10ean, Garzonek Arnaldo Otegi eta beste zortzi pertsona auzipetu zituen, ''Bateragune'' auziaren baitan, eta erakunde terroristako kide izatea egotzi zien.

Garzonek Herriko Tabernen auzian ere egin du Otegiren aurka. Atzo, hain justu, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 12 urteko espetxe zigorra eskatu zuen harentzat, Rufi Etxeberriarentzat eta Joseba Permachentzat, erakunde terroristako buruak direlakoan. Auzi horretan, Batasuna ETAren menpe dagoen eta erakundea Herriko Tabernen bitartez finantzatzen zen ikertzen ari da.

EHAK eta EAE-ANV beste auzi baten jomuga dira. Martxoan, Garzonek 44 pertsona auzipetu zituen erakunde terroristako kide izatea leporatuta, ETAren estrategia bete zutelakoan.

Besteak beste, Pernando Barrena, Joseba Permach, Juan Jose Petrikorena, Rufi Etxeberria, Peio Galvez, Ino Galparsoro Arrasateko alkatea eta Kepa Bereziartua daude auzibidean.

Baina esku artean duen auzi polemikoenetako bat Faisan auzia da. Horretan, atxiloketa bat saihesteko xedez Poliziak ETAri filtrazioa egin zion aztertzen ari da.

Otsailean, epaileak gertatutakoa ikertu zuten poliziak galdekatu zituen, Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak behartuta. Fiskaltzak auzia artxibatzeko eskatu du.

Bestalde, ETAk euskal enpresaburuei egindako estortsioa ere ikertzen ziharduen. Otsailean, estortsioa ordaintzea egotzita 14 enpresabururen aurka zegoen prozesua artxibatu egin zuen.

Aurreko auziak: GAL, Pinochet, Bin Laden...

1988an Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 5. Epaitegiko epaile egin zenetik, Garzonek GALen eta ETAren jarduereri buruzko hogei auzi inguru abiatu ditu. Adibidez, 1998an Egin egunkaria eta Egin Irratia ixteko agindu zuen.

Narkotrafikoa ere ikertu du, tartean Necora eta Piton operazio ospetsuak.

Politikan ibilbide laburra egin eta gero, 1994an itzuli egin zen Auzitegi Nazionalera, eta GAL auzia berriz zabaldu zuen. Besteak beste, Amedo auzia eta Segundo Mareyren bahiketa aztertu zituen.

Baina nazioarteko ospea 1998an etorri zitzaion, Augusto Pinochet Txileko diktadore ohia epaitzen saiatu baitzen. 2000 urtean, baina, errefusatu egin zioten estradizio eskaera.

Garzonek Argentinako diktadura garaiko genozidioak ere ikertu nahi izan zituen.

Eta 2003an, Irakeko gerraren harira, Osama Bin Laden Al Kaidako ustezko burua atxilotzeko agindu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea