Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Iturgaiz: "Barcenasek badaki zer egin behar duen, PP ez kaltetzeko"

Gainera, Mayor Oreja babestu du (Gobernua ETArekin negoziatzen ari dela esan zuen), PSEko buruzagi batzuengan konfiantzarik ez duela adierazi du eta Sabino Arana Adolf Hitlerrekin parekatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Iturgaiz Alderdi Popularreko eurodiputatuak esan du Luis Barcenas "tontoa" ez dela eta alderdiari "ahalik eta kalte gutxien eragiteko" nola jokatu beha duen jakingo duela.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, ''Gurtel auzia'' izan du hizpide: "Pertsona batzuei ez zaie esan behar zer egin behar duten, nagusiak dira dagoeneko; eta Barcenasek badaki alderdiari ahalik eta kalte gutxien nola egin", adierazi du. Horrez gain, PSOEk auzi honen bidez "PPren finantzazio ilegala" bilatzen zuela esan du, "baina ustel atera zaio, izan ere, auzipetuak euren kabuz aritu dira, ez alderdiaren izenean". Mariano Rajoyren isiltasunaren harira, Iturgaizek esan du "datozen orduetan edo egunetan" hitz egingo duela.

Mayor Oreja babestu du

Bestalde, Jaime Mayor Orejak duela zenbait egun egin zituen adierazpenek sortutako polemikaren inguruan esan du bere alderdikidea babesten duela. Espainiako Gobernua ETArekin negoziatzen ari dela esan zuen Orejak. "Mayor Orejak beti esan du gauza bera eta ez da erratu", nabarmendu du. Gauzak horrela, Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPren idazkari nagusiak egindako kritiken aurka agertu da. Oyarzabalek esan zuen Mayor Orejak ez dakiela Euskadin zer gertatzen den. "Mayor Oreja Euskadiko PPko presidentea, Barne ministroa eta Espainiako Gobernuaren ordezkaria izan da eta, beraz, zerbait ezagutzen duela uste dut", azpimarratu du.

PSErengan konfiantza eza

Carlos Iturgaizek adierazi duenez, PSEko buruzagi batzuengan ez du konfiantzarik, nahiz eta Alderdi Sozialistak eta PPk Jaurlaritzaren egonkortasunerako akordioa sinatuta izan. "Otegirekin bildu ziren eta orain ez dituzte ETAk gobernatutako udalak desegiten", adierazi du ANVren kontrolpean dauden udalei aipu eginez.

EAJk Patxi Lopez lehendakariari Aberri Eguna ospatzeko luzatutako deiaren harira, Iturgaizek esan du "egunen batean Sabino Arana Eguna ospatzea" eskatuko dietela, eta Sabino Arana "XIX. mende amaierako Adolf Hitlerrekin" parekatu du.

"Orain abertzaleak eta ez abertzaleak gustura izango garen ospakizuna izango dugu, urriaren 25ekoa, Gernikako Estatutua onartu zenekoa", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea