Politika -

Gurtel auzia

PPk ez du neurririk hartuko Luis Barcenasen aurka

Eskandaluaren erdigunean badago ere, senatariak bulegoa dauka oraindik PPren egoitzan, eta alderdiko zuzendaritzak ez dio konfiantza kendu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Pedreira Madrileko Auzitegi Nagusiko (TSJM) epaileak sekretua kendu zion atzo Gurtel auziari, eta publiko egin zituen 50.000 txostenetan ondorio argiak irakur daitezke. Adibidez, PPren finantzaketa irregularra izan dela Valentzian eta Madrilen.

Eskandaluaren erdigunean Luis Barcenas senataria eta PPko diru-zain ohia dago. Dena dela, oraindik ere bulegoa dauka Genova kalean eta alderdiak ez dio konfiantza kendu, sumarioaren arabera legez kanpoko komisioetan 1,3 milioi euro jaso bazituen eta Auzitegi Gorenean auzipetuta badago ere.

Horren ildotik, Esteban Gonzalez Pons PPko Komunikazio idazkariordeak iragarri du ez dutela neurririk hartuko haren kontra, "ez baitago ezer berririk" auzian.

EFEri egindako adierazpenetan, Gonzalez Ponsek esan du atzo publikatutako txostenetan ez dela "gertakizun berririk" agertzen, eta gainera ez dutela beste inor auzipetu.

Bere esanetan, PPk "erantzun politikoa" eman du jada Gurtelen aurrean, eta pertsona batzuek dimisioa aurkeztu dute jada eta beste batzuk alderditik bota dituzte.

Sumarioaren edukia

Atzo publiko egin ziren txostenen arabera, ustelkeria sareak hainbat opari eta ordainketa egin zizkien PPko goi-kargudunei.

Adibidez, Barcenasek bere ondarea laukoiztu egin zuen bost urtetan, eta txalet bat erosi zuen miloi bat euroko txekeetan.

Halaber, Francisco Correa enpresaburuak ustez zuzentzen zuen sarea eta PPko goi-kargudunak harremanetan jarri zituena dela dio sumarioak. Dena Jose Maria Aznarren garaian.

Valentzian, Francisco Campsen Gobernuko zortzi kontseilarik opariak jaso zituzten Orange Market enpresaren aldetik, eta Rita Barbera eta Ricardo Costa ere nahasita daude.

Madrilen, Esperanza Aguirreren Gobernuak arau guztiak hautsi zituen kontratazio publikoak egiteko prozesuan.

Eta Galiziako hauteskunde kanpainian, Alvaro Perez, El Bigotes, enpresaburuak (auziko auzipetu nagusietako bat) pizgarriak jaso zituen. Javier Arenas eta Luis Barcenas PPko buruak bazuten guztiaren berri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea