Politika -
Bizkaiko Batzar Nagusiak
Aldecoak 12.400 euro inguru kobra ditzake, PPk kaleratu ostean
Alderdi Popularrak kaleratuta, talde mistora pasatu da eta ahaldun bakarra bera denez, Batzar Nagusietan 12.400 euro inguru kobratzera hel daiteke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arturo Aldecoa Bizkaiko Batzar Nagusietako talde mistora pasatu da gaur goizean, PPk bere taldetik kanporatu ostean. Bada, hemendik aurrera 12.400 euro inguru kobra ditzake hilean.
Aldecoak, liberatua ez zenez, orain arte 1.000 euro inguruko soldata jasotzen zuen, berak aitortuta.
Liberatuta ez dauden batzarkideak 527 euro jasotzen dituzte hilean kilometro-kopuruengatik; beste 300 euro plenoetan parte-hartzeagatik; eta beste 150 euro batzordeetara joategatik. Beraz, guztira, 1.000-1.500 euro inguru kobratzen dituzte hilean, bilkuren arabera.
Alabaina, orain talde mistoan dagoenez eta ahaldun bakarra bera denez, bozeramaile izateagatik 5.800 euro gordin kobra ditzake hilean; eserlekuagatik, 2.300 euro; eta taldeari esleitutakoagatik, 4.300 euro gordin. Hortaz, guztira, 12.400 euro gordin izango lirateke.
Nolanahi ere, Bizkaiko Batzar Nagusietako iturriek argitu dute kopuru horiek ez direla automatikoki aplikatzen eta, Aldecoaren kasuan, zerbitzu juridikoek egingo duten txostenaren arabera kobratuko duela zehaztu dute.
Horrez gain, Aldecoak eskubidea izango du bulego bat eta idazkari bat izateko, talde mistoko kide delako.
Aldecoak ia 30 urte egin ditu Bizkaiko Alderdi Popularraren kudeatzaile karguan eta Batzar Nagusietako ahalduna da 1999tik. Duela egun batzuk kargutik kendu eta PPren taldetik bota egin zuten, justifikatu gabeko hainbat gastu antzeman dizkiotela argudiatuta.