Politika -

'Gürtel' auzia

Gürteleko inplikatuak zigortuko ditu PPk, delituak frogatuta

Madrilen egin duen prentsaurrekoan, Saenz de Santamariak ustelkeria kasuen aurrean "kezkatuta" daudela esan du, eta 'Gürtel auzia' ahalik eta azkarren argitu dadin eskatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Soraya Saenz de Santamaría Espainiako Kongresuko PPko ordezkariak esan duenez, ''Gürtel auzian'' inplikatutako karguak zigortuko ditu, beti ere delituak "egiaztatu" egiten badituzte. Gaur sekretutik atera duten sumarioa oraindik ez dutela irakurri esan du Saenz de Santamariak.

Madrilen egin duen prentsaurrekoan, ustelkeria kasuen aurrean "kezkatuta" daudela esan du, eta ''Gürtel auzia'' ahalik eta azkarren argitu dadin eskatu du.

"Gu gara auzia argitu nahi dugun aurrenekoak, baita gure alderditik delituak egin dituztenak botatzen lehenak, beti ere delituak frogatu egiten badituzte. Alderdiaren izena beraien burua aberasteko erabili dutenak alderditik kanpo geldituko dira", nabarmendu du.

Bestalde, Andaluziako PPko buruak, Javier Arenasek, popularren idazkari orokorra izan zenean "gardentasuna eta kontu garbiak" izan zirela nabarmendu du. Horrez gain, Barcenasen "lan bikaina" goraipatu du.

PSOE

Jose Antonio Alonso PSOEren Kongresuko bozeramaileak, bere aldetik, esan du Mariano Rajoy PPren buruak ez duela azalpenik “eman nahi” ‘Gürtel auzia’ri buruz, zeren “Alderdi Popularrari kalte larria egiten dioten gauzak dakizki eta horrek erabat geldiarazi” du.

Alonsok azpimarratu duenez, Rajoyk “errefusatu egin du azalpenak ematea” nahiz eta denek “modu guztietara” eskatu.

Alonsok jarrera horri ikusten dion arrazoi bakarra honakoa da: Rajoyk alderdiari “kalte larria egingo liokeen zerbait” dakiela. Bestalde, Luis Barcenas PPren diruzain ohiarekin zer gertatzen den galdetu du, senatari karguari eusten diolako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea