Politika -

Lantaldea, amaituta

Eusko Legebiltzarrak apirilaren 7an onartuko du Udal Legea

EAJk eta EH Bilduk gehiengoa dute ganberan, eta ituna lortuta, aurrera aterako da araua.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta EH Bilduk adostutako Udal Legea apirilaren 7an onartuko du Eusko Legebiltzarrak.

Astelehen honetan bukatu ditu zereginak gai hau aztertzen ibili den Legebiltzarreko lantaldeak. Jaurlaritzak 2014ko azaroan onartu zuen lege-proiektua, eta joan den astean adostu zuten EAJk eta EH Bilduk azkenean aurrera aterako den legea.

Behin betiko testua martxoaren 22an bozkatuko dute Legebiltzarreko Erakunde eta Segurtasun Batzordean, eta izapide hau gaindituta, azken geltoki bat izango du agiriak: Legebiltzarraren osoko bilkura.

Aste Santua tarteko, data horren osteko lehen plenoa apirilaren 7an egingo dute Legebiltzarrean, eta egun horretan izango da eztabaida.

EAJk eta EH Bilduk gehiengoa dute ganberan, beraz, euren botoekin onartuko dute Legea.

Luze jo du itunak. Otsailean Legearen zati handiena adostuta zutela jakinarazi zuten bi alderdiek, baina martxoaren hasieran lortu zuten erabateko akordioa, finantzazioaren auzia gaindituta.

Estatu osoan tankerako legerik ez zuen erkidego bakarra zen EAE. Aurreko gobernuak saiatu diren arren, orain arte ez da gai honen inguruan adostasunik izan.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra argazkiak EH Bildu Albisteak