Politika -
Terrorismoa goraipatzea
Rafael Veraren aurkako ikerketa artxibatu du Auzitegi Nazionalak
Joxi Zabalaren senitartekoek Veraren adierazpenen kontra salaketa aurkeztu zuten. GALen “erabilgarritasunaz” hitz egin zuen Segurtasun Estatu idazkari ohiak.
eitb.eus
EAEko Ministerio Publikoak Rafael Vera Segurtasun Estatu idazkari ohiaren aurka zabaldutako ikerketa artxibatzea erabaki du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, Radio Euskadik aurreratu duenez. Hala, terrorismoaren goraipamenik eta biktimen umiliaziorik izan ez zela ebatzi du fiskalak.
Joxi Zabalaren senitartekoek Veraren adierazpenen kontra salaketa aurkeztu zuten. GALen “erabilgarritasunaz” hitz egin zuen Felipe Gonzalezen Gobernuko Segurtasun Estatu idazkariak.
Veraren hitzak delitua ez direla uste du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, testuinguru historiko batean egin zituelako. GALek “erabilgarritasuna” eta “paper praktikoa” izan zituela ziurtatu zuen Estatu idazkari ohiak. Verari 10 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten Segundo Mareyren bahiketagatik.
Erabaki judizialarenganako “errespetua” agertu du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak Radio Euskadin, baina Veraren hitzak “nazkagarriak” iruditzen zaizkiola berretsi du.