Politika -
Soziometroa
Independentziaren kontrako jarrera, azken 20 urteetako maila altuenean
Jaurlaritzak lehen inkesta egin zuenean (1998) % 24 zeuden kontra; gaur egun, % 38 dira.
E.G | EITB.EUS
Euskal Herriko independentziaren kontrako jarrera azken 20 urteetako maila altuenean dago egun, Eusko Jaurlaritzak egindako azken Soziometroaren arabera.
Izan ere, lehen inkesta egin zutenean, galdetutakoen % 24 agertu ziren independentziaren aurka; egun, % 38 dira. 2016an egindako galdeketan, 10 herritarretatik ia bik (% 19) independentziaren alde daudela adierazi dute, eta % 30ek dio "egoeraren arabera" aurka ala alde egon litekeela; % 12k ez dute erantzun.
Urtarrilaren 25etik otsailaren 2ra 2.310 herritarrei etxean egindako elkarrizketetan oinarritu da inkesta. Soziometroaren arabera, EH Bilduri botoa eman diotenen artean dago zabalduen independentziaren aldeko jarrera (10etik 7); EAJ bozkatu zutenen % 20 bakarrik babestu du aukera hau. PPren eta PSOEren boto-emaileen artean, independentziaren kontrakoak dira gehienak. Lurraldeka, gipuzkoarrak dira independentziaren aldekoenak, arabarrak gutxienak (erdiak kontra daudela esan dute).
Ikerketaren arabera, independentismoaren beheranzko joera hau 2015eko hasieratik dator, Eskoziako erreferenduma (2014ko iraila) eta Kataluniako kontsulta (2014ko azaroa) eta hauteskundeak (2015eko iraila) izan ondotik.
Lan merkatua, EAEko arazorik handiena
Euskadin dagoen arazorik handienari buruz galdetuta, galdekatutakoen % 83k uste dute lan merkatuarekin lotutakoak direla. Jarrera hori apenas aldatu da azken urteetan, 1996ko Soziometroan 10etik 8k aipatu baitzuen. Alde dezentera, honako arazoak nabarmendu dituzte herritarrek: arazo ekonomikoak (% 15), egoera politikoa (% 12) eta etxebizitza eta etxegabetzeak (% 11).
Adierazgarria da ustelkeria politikoak herritarrengan eragiten duen kezka txikia: % 7k bakarrik aipatu dute. Estatuan, berriz, herritarren % 48k nabarmendu dute. Indarkeriak eta terrorismoarengatik gizartean dagoen ardura amildu egin da azken 20 urteetan. 1998an EAEk zuen arazo handienetakoa izatetik (% 62), egun %1ek bakarrik aipatzera igaro da.
Euskadin bizi diren atzerritarrei buruzko pertzepzioan ere aldaketa nabarmena gertatu da. Lehenengo garai batean, 1996 eta 2006 artean, Euskadin "atzerritar gehiegi" zeudela uste zutenen kopurua asko handitu zen (%12tik %36ra), baita atzerritarrak "gehiegi izan gabe, asko zirela" ziotena ere (% 24tik % 42ra). Azken zortzi urteetan, ordea, hazi egin da "atzerritar gutxi" daudela diotenen kopurua (% 9tik % 19ra).
Buruzagi politikoen balorazioa
Iñigo Urkullu lehendakaria da, euskal buruzagi politikoen artean, 0tik 10erako eskalan 5etik gorako nota lortu duen bakarra (5,3). Haren atzetik ageri dira Andoni Ortuzar (4,7), Hasier Arraiz (4,4), Idoia Mendia (3,9), Alfonso Alonso (2,3) eta azkenik, Gorka Maneiro (2,0).