Politika -

Elkarrizketa ETB-2n

Urkullu: 'Ez dut buruan hauteskundeak aurreratzea'

"Gauzak normal joaten badira", bozak "udaren ostean" izango direla aurreratu du lehendakariak.

Iñigo Urkullu lehendakaria, ETB-2n. EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria, ETB-2n. EiTB
Autokritika egitea eskatu dio lehendakariak Sorturi

1:16

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak "udaren ostean" izango direla, "gauzak normal joaten badira".

"Gaur gaurkoz, ez dut buruan hauteskundeak aurreratzea", nabarmendu du.

Espainiako hauteskunde orokorrak errepikatzekotan, EAEko bozak egun berberako deitzea ere baztertu du Urkulluk: "Ez dut egoki ikusten".

Zehazki, hauteskundeak "urri partean" izango direla zehaztu du.

Lehendakariari elkarrizketa egin diote ostegun gauean, "Minuto a Minuto" ETB-2ko saioan, EiTB taldea osatzen duten hedabideetako zenbait kazetarik: Maider Beistegi (eitb.eus), Aintzane Bolinaga (ETB), Xabier Lapitz (ETB) eta Dani Alvarez (Radio Euskadi).

"Hain zaila da esatea gaizki dagoela hilketak egitea?"

Bestalde, Urkullu ezker abertzaleari zuzendu zaio, eta hilketak eta estortsio egitea "gaizki dagoela" esatea "hain zaila" ote den galdetu dio. "Errealitatea zera da, ez dutela aitortu eragindako mina", deitoratu du.

Horren ildotik, Urkulluk justifikatu egin du astelehenean Luis Abatua Michelin enpresak Gasteizen zuen burua omendu izana, Arnaldo Otegi espetxetik atera eta egun gutxira (buruzagi abertzalea kondenatu egin zuten bahiketa horregatik), konpainiaren 50. urteurrena zelako.

Omenaldi horrek polemika handia piztu du hainbat sektoretan. Adibidez, Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak biktimak erabiltzea egotzi dio.

Hori horrela, lehendakariak gogorarazi du Michelinek 80 urte daramatzala EAEn: "Kanpotik heldu zen, eta gerra, terrorismoa eta krisi ekonomikoak pairatu ditu; hala ere, eutsi egin dio Euskadiri".

Barrenak lantegi bereko beste biktima batzuk gogora ekarri ez izana egotzi diola eta, Urkulluk zera erantzun dio: "Bitxia da niri leporatzea pertsona batzuk aipatzea ahaztu izana, baina atentatuek eta estortsioek eragindako min bidegabea aitortu ez izana".

Udal Legea

Aste honetan EAJk eta EH Bilduk adostutako Udal Legeari dagokionez, Urkulluk esan du espero duela itun hori "lehen urratsa" izatea bi alderdien artean "harreman normalduak" izateko.

Gainera, agintariak garrantzitsutzat jo du lege proiektua, "itxi egiten baitu Euskadiren egitura modu arautu batean, 30 urteren ostean".

"Udalen eskuduntzak zeintzuk diren eta finantziazioa zehazten du legeak", laburbildu du.

Pentsioak

Elkarrizketan, gobernuburuak berretsi egin du pentsioen eskuduntzak EAEra transferitzeko eskaera, eta hori gauzatzekotan, pentsiodunak "lasai" egon ahalko direla gaineratu du.

"Pentsiodunek jakin behar dute euren pentsioak bermatuta egongo liratekeela", azpimarratu du, eta gogorarazi du azken lau urteetan Estatuan "erdira" jaitsi dela "pentsioen itsulapikoa". "Eta dinamika horretan jarraituz gero, hutsik geratuko da lau urte barru", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Lehendakaria Gaurko azken ordukoa