Politika -

Nafarroa

Tafallan ikurrina jartzea ez dela lege iruzurra ebatzi du epaile batek

Duela egun batzuk, beste epaile batek lege iruzurtzat jo zuen Iruñean ikurrina jarri izana.

Ikurrina Tafallako udaletxean. EiTB
Ikurrina Tafallako udaletxean. EiTB
Ikurrina Tafallako udaletxean. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Administrazio-auzietarako 3. Epaitegiak errefusatu egin du Estatuko Abokatutzaren helegitea eta, horrenbestez, ez du "lege iruzur"tzat jo abuztuaren 14an, jaietako txupinazoaren egunean, Tafallako Udalak udaletxean ikurrina jarri izana.

Epaiaren aurka helegitea jar daiteke Nafarroako Auzitegi Nagusian, eta prozesu judiziala ordaintzea ezarri dio Estatuko Abokatutzari.

Azken hilabetean gai horri buruz publikatutako zortzigarren epaia da gaur ezagututako hau.

Berriki, Administrazio-auzietarako 1. Epaitegiak atzera bota zuen Estatuko Abokatutzaren helegitea Berriozarreko jaien kasuan, baina 2. Epaitegiak onartu egin zuen Iruñeko, Lizarrako, Leitzako, Etxarri-Aranatzeko, Oteizako eta Lakuntzako kasuetan. Horrenbestez, herri horietan ikurrina jarri izana lege iruzurra izan zela ebatzi zuen.

Tafallari dagokionez, epaileak azaldu du ikurren foru legeak baimendu egiten duela beste herrialde, erkidego edo udalerri baten bandera jartzea, salbuespen modura, lurralde horretako agintariak bisita ofiziala egiten ari badira.

Tafallaren kasuan, alkateak hiru legebiltzarkide gonbidatu zituen, eta bik onartu egin zuten.

Horregatik, Udalak legea bete zuela ebatzi du epaileak, "bi legebiltzarkidek bisita ofiziala egin zutelako".

Estatuko Abokatuak argudiatu zuen bisita hori ez zela "ofiziala", baina epailea ez dago ados horrekin, alkateak gonbidapena egin baitzuen.

Eta gaineratu du: "legebiltzarkideek ezin dute Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatu, hori lehendakariari baitagokio, baina agintari izaera dute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñeko albisteak Albisteak Nafarroa Tafalla Eguneko albisteak Ikurrina