Politika -
Nafarroako ikurren legea
Iruñeko Udalak helegitea jarriko du ikurrinari buruzko epaiaren aurka
Joseba Asiron alkateak azpimarratu du honen guztiaren oinarrian dagoen arazoa Nafarroako Ikurren Legea dela, "ikurrinaren kontra propio egindako legea delako".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sanferminetan, Iruñeko udaletxean ikurrina jartzea "lege iruzurra" dela ebatzi du epaile batek eta Iruñeko Udalak ebazpen horren kontrako helegitea aurkeztuko duela iragarri du.
Hala jakinarazi du Joseba Asiron Iruñeko alkateak, eta Atarrabiako kasua ekarri du gogora; izan ere, 2014an, herriko festei hasiera emateko txupinazoan, ikurrina eskegi zuten Atarrabiako udaletxeko balkoian eta bertan mantendu zuten jaiak amaitu ziren arte.
Epaile batek esan zuen ez zela inolako araurik urratu, balkoian EAEko ordezkariak egon zirenez, ikurrina jartzea justifikatuta dagoela argudiatuta.
?Ez naiz jurista, baina ulertzen dut Iruñekoa eta Atarrabiakoa kasu antzekoak direla, berberak direla ez esategatik. Beraz, norbaitek azaldu beharko dit zergatik kasu batean gauza bat erabaki zen eta bestean beste bat?, adierazi du.
Horrez gain, Asironek azpimarratu du uztailaren 6an ?berme judizialekin? jarri zutela ikurrina Iruñeko udaletxeko balkoian. ?Norbaitek gai hau ahalik eta azkarren argitu beharko luke, eta koherentzia minimo batekin?, erantsi du.
?Ez dugu ahaztu behar oinarrian dagoena arazoa Nafarroako Ikurren Legea dela, ikurrinaren kontra propio egindako legea, ikurrina jartzea erabakitzen duten udalbatzarrek ikurrina jartzea ekiditeko?, ohartarazi du.
?Horixe da oinarrian dagoen benetako arazoa eta premiazkoa marko legal hori aldatzea, erabat injustua delako?, gaineratu du.