Politika -

Sanferminetako txupinazoa

Iruñean ikurrina jarri izana 'lege iruzurra' dela ebatzi du epaileak

Nafarroako beste sei herritan ikurrina kokatu izana ere lege iruzurtzat jo du epaitegiak.

Ikurriña Iruñeako udaleko balkoiean dago jada

00:53

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Administrazio-auzietarako 2. epaitegiak ebatzi du "lege iruzurra" dela iazko Sanferminetako txupinazoan Udalak udaletxeko balkoian ikurrina jarri izana.

Hori horrela, epaileak ontzat eman du Estatuko Abokatutzak aurkeztu zuen helegitea. Epaia ez da irmoa, eta horren aurka egin daiteke.

Nafarroako hiriburuko Udalak argudiatu zuen EAEko bi legebiltzarkide bertan zeudelako jarri zutela ikurrina, baina epaileak uste du kontrakoa gertatu zela, hau da, bi legebiltzarkide gonbidatu zituztela udaletxean ikurrina jarri ahal izateko.

Ikurren foru legearen arabera, beste herrialde, erkidego edo udalerri baten bandera jarri ahal da, "salbuespen moduan", betiere leku horretako agintariek bisita ofiziala egiten badute.

Iruñeko txupinazoaren kasuan, baina, epaileak esan du EAEko legebiltzarkideak ez zeudela bisita ofiziala egiten ari, eta, gainera, Gernikako Estatutuak ez diela ordezkapen ahalmenik ematen.

Bestalde, Nafarroako beste sei herritan (Lizarra, Leitza, Etxarri-Aranatz, Oteiza eta Lakuntza) ikurrina jarri izana ere jo du epaileak lege iruzurtzat.

Helegitea jartzea aztertzen ari da Udala

Testuinguru honetan, Udaleko zerbitzu juridikoak Nafarroako Auzitegi Nagusian (TSJN) epaiaren aurka helegitea jartzea aztertzen ari da.

Udalaren abokatuek "kontraesanak" topatu dituzte. Izan ere, epaitegi berak oniritzia eman zion ikurrinari Atarrabiako udaletxean, 2014ko jaietan.

Erreakzioak

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak "errespetua" agertu du erabaki judizialaren aurrean, eta nabarmendu du 1986ko legearekin "segur aski ezinezkoa" izango litzatekeela tankera horretako epai bat. Etorkizuneko Ikurren Legea Parlamentuaren esku egongo dela aurreratu du.

PSN-PSOE "guztiz ados" agertu da epaiarekin, eta gogorarazi du iazko uztailaren 6an bertan esan ziotela Joseba Asiron alkateari egindakoa "trikimailua" zela legea urratzeko.

Javier Esparza UPNko presidentearen esanetan, "Barkosen Gobernua konplizea" da: "Ikurrina jarri nahi zuten, tematuta zeuden".

PPNk "ospatu" egin du epaia, eta gaineratu du "argi geratu" dela Bilduk gobernatutako udalek "amarruak" egin zituztela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñeko albisteak Albisteak Nafarroa Entzierroa zuzenean Albisteak Euskadiko bandera ofiziala Iruñeko Udala albisteak