Politika -

Aldecoa kargutik kendu dute

Alonso: 'Bizkaiko auditoria azken bururaino eramango dugu'

EAEko PPko presidenteak nabarmendu duenez, auzi honen atzean ez dago "legez kanpoko finantzazio zantzurik".

Alonsok azken muturreraino argituko du Bizkaiko PPn gertatutakoa

1:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko PPren kontuetan ikuskaritza egingo dutela iragarri du Alfonso Alonso EAEko PPren presidenteak, eta ikerketa horren emaitzak "azken bururaino" eramango dituztela azpimarratu du.

Alonsok prentsaurrekoa eskaini du Gasteizen, Bizkaiko PPk barne ikerketa zabaldu duela ezagutu eta bi egunera. Antza, "justifikaziorik gabeko gastuak" atzeman dituzte Bizkaiko kontuetan, eta, hori dela eta, Arturo Aldecoa gerentea eta Gonzalo Pontes kontularia kargutik kendu dituzte.

Euskadiko PPren presidenteak azpimarratu duenez, auzi horren atzean ez dago "legez kanpoko finantzazio zantzurik". "Diru-sarrerak ondo daude, legezkoak dira", zehaztu du. EAEko PPren buruaren hitzetan, gastuen arloan dago arazoa: "Dirutza atera dute kontutik, emaile-txekeen bidez".

Alonsoren arabera, alderdi barruko arauek "debekatuta" dute 2.500 eurotik gorako kopuruak ateratzea, edota emaile-txekeak jaulkitzea; "jokabide ezohikoa da", azaldu du, "ohikoena ordainketak transferentzia bidez egitea baita".

100.000 eurotik gorako "mugimendu arraroak"

Kontu-ikuskaritzaren xehetasun gehiago eman ez baditu ere, Aldecoak eta Pontesek urtero sei zifrako kopuruak atera zituztela esan du Alonsok, "batzuetan, gehiago", argitu du. Alderdiak azken lau urteetako kontuak aztertu ditu.

Aldecoa hizpide hartuta, "bere jardun politikoa" uzteko eskatuko diotela iragarri du Alonsok (Bizkaiko PPko batzarkidea da egun).

Hain justu, larunbatera arte Bizkaiko PPren kudeatzailea zenak bere kontrako "ehiza politikoa" salatu zuen atzo. Euskadiko PPko buruaren berbetan, ordea, auzi honetan ez dago "asmo politiko zehatzik". Hala, Aldecoari "bere burua defendatzeko eta dena azaltzeko berme osoa" emango diotela azpimarratu du Alonsok.

"Alfonbrak astinduko ditugu. Azken bururaino joango gara eta garbitu beharrekoa garbituko dugu", adierazi du, irmo, prentsaurrekoa amaitzeko.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Gaurko albisteak Bizkaia Euskadiko PP berriak Eguneko albisteak Alfonso Alonso albisteak