Politika -
64 urte zituela
Antonio Asuncion Barne ministro ohi sozialista hil da
Felipe Gonzalezen Gobernuak ministro izendatu zuen 1994. urtean. Luis Roldan Guardia Zibileko zuzendari ohiak ihes egin ostean, Asuncionek dimititu egin zuen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Antonio Asuncion Barne ministro ohi sozialista hil da larunbat honetan Valentzian, 64 urte zituela. Beila Memora Beilatokian izango da, Manises udalerrian, familia-iturriek jakinarazi dutenez.
1951eko uztailaren 12an Manisesen jaioa zen Asuncion, eta 70ko hamarkadaz geroztik zen PSOEko militantea. Manisesen hasi zuen bere ibilbide politikoa, 1979ko udal hauteskundeetan alkate kargua lortuta. 1983. urtean berriro hautatua izan zen.
Geroago, kargu hori utzi egin zuen, Valentziako Diputazioaren presidentetza hartzeko. Garai hartan Egevasa enpresa sortu zuen, eta horrek probintzia osoari ur-hornidura eskaintzea ahalbidetu zuen.
1988an Espainiako Espetxeetako zuzendari izendatu zuen orduko Justizia ministro Enrique Mugicak. Handik gutxira, Idazkaritza Nagusi eta Estatu-Idazkaritza bihurtu zuten erakunde hori.
Halaber, Felipe Gonzalezen Gobernuak Barne ministro izendatu zuen Asuncion 1994. urtean. Dena dela, Luis Roldan Guardia Zibileko zuzendari ohiak ihes egin ostean, Asuncionek dimititu egin zuen.
Gainera, 1993-1996 legegintzaldi bitartean Gorte Orokorretako diputatua izan zen.
PSOEko idazkari nagusia izateko primariak galdu ostean, politika utzi eta enpresa pribatura itzuli zen.