Politika -

Bigarren bozketa

Kongresuak behin betiko ezetza eman dio Pedro Sanchezi

Pedro Sanchezek ez du gehiengo sinplearen babesa lortu Espainiako Gobernuko presidente izateko. PSOE, Ciudadanos eta Coalicion Canariako ordezkarien aldeko botoa soilik izan du.

Pedro Sanchez Alderdi Sozialistako buruzagia. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Alderdi Sozialistako buruzagia. Argazkia: EFE
Sanchez: 'Gaur Espainiak Gobernurik ez izatea sentitzen dut'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresuko Diputatuen gehiengoa Pedro Sanchezen inbestiduraren aurka agertu da. Alderdi Sozialistaren hautagaiak 131 diputaturen babesa lortu du, baina 219k haren kontra bozkatu dute. Demokrazia ezarri zenetik lehenengo aldia da presidentegai batek inbestidura saioan porrot egiten duela.

Espero bezala, PSOEko eta Ciudadanoseko ordezkarien botoak lortu ditu Sanchezek, 90 eta 40 hurrenez hurren. Ana Oramas Coalicion Canariako diputatuak ere Sanchezek alde bozkatu du; lehendabiziko bozketan, abstenitu egin zen.

Bozketa amaitu eta berehala, buruzagi sozialista Albert Rivera Ciudadanoseko presidentearengana hurbildu da, eta eskua luzatuta, emandako babesa eskertu dio.

Pedro Sanchezen porrotak, orain arte Espainian ezagutu gabeko egoera ekarri du eta zalantzaz betetako aro bati hasiera eman dio, bi hilabetetan akordiorik ezean, hauteskundeetan bukatuko litzatekeena.

Espainiako erregeak eta Patxi Lopez Kongresuko presidenteak bilera egingo dute datorren astelehenean Zarzuela Jauregian, ?hemendik aurrera irekiko den faseaz hitz egiteko?.

Espainiako Konstituzioak ez du zehazten egoera honetan zer egin beharko litzatekeen, eta Felipe VI.ena ez dago behartuta Kongresuko taldeen bozeramaileekin bilera-sorta egitera. Alabaina, oso litekeena da Aste Santua baino lehen batzarrak deitzea. Aste Santu ostera itxaroten badu, ia hilabete galduko luketelako.

Maiatzaren 2rako inork ez badu Espainiako Gobernuko presidente izateko babes nahikorik lortzen, Ganberak desegingo dira eta hauteskundeak deituko dituzte, ekainaren 26an.

Bigarren eztabaida

Pedro Sanchezek Mariano Rajoyri kritika eginez hasi du Diputatuen Kongresuko bigarren eztabaida saioa.

PSOEren presidentegaiaren iritzian, Rajoyk Espainia ?ziurgabetasun eta blokeo? egoera batera eraman du, Espainiako Gobernua osatzen saiatzeari uko eginda.

Buruzagi sozialista pozik agertu da ?instituzioek berriro funtzionatzea ahalbidetu duelako PSOEk?.

?Guztien onerako? gobernua eratzea proposatu die Sanchezek Parlamentuko taldeei eta, bere ustez, horretarako aukera bakarra dago: talde politiko ezberdinen arteko akordio transbertsala lortzea, Ciudadanosekin egin duten ituna abiapuntutzat hartuta.

Ildo horretan, ziur agertu da gobernu berri bat nahi duten diputatuen gehiengoa bat datorrela PSOEk eta Ciudadanosek adostu dituzten neurriekin. ?Zuetako gehienak ados zaudete hitzartu ditugun neurriekin; ituna koherentea da sozialismo demokratikoak  aldarrikatzen dituen printzipioekin?, erantsi du.

Horrenbestez, bere inbestiduraren aldeko botoa eskatu du: ?Ez dezagun gehiago itxaron, bozkatu aldaketaren alde?.

PP

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak esan du Alderdi Sozialistaren hautagaiak proposatutako neurriak ez direla ?Espainiak behar dituenak eta merezi dituenak?.

Agerraldiaren hasieran berretsi du Rajoyk Pedro Sanchezen kontra bozkatuko dutela. ?Helburua ez da gauzak aldatzea aldatzeagatik eta zerbait berria izateagatik?, esan du.

?Berriena ez da zertan onena izan behar eta inori ez zaio bururatzen gauzak bideratzen ari direnean norabidez aldatzea?, azpimarratu du Rajoyk.  ?Heldutasunik gabeko pertsonek uste dute munduak eurak heltzean hasten dela?, erantsi du.

Bestalde, inbestidura saio hau bere mesedetan erabiltzea leporatu dio Rajoyk Sanchezi. ?Instituzioak bere zerbitzura jarri ditu bere biziraupena bermatzeko eta horri ere ustelkeria esaten zaio?, salatu du.

Amaitzeko, hauteskundeak errepikatuko badira Pedro Sanchezen erantzukizuna izango dela adierazi du Rajoyk.

Podemos

Pablo Iglesiasek gaur gauetik aurrera negoziazioari ekiteko deia egin dio Pedro Sanchezi, ezkerreko alderdiek osatutako Gobernua eratzeko, Euskal Herriko eta Kataluniako talde abertzaleen abstentzioa baliatuta. ?Ez dira munstroak?, azpimarratu du.

?Ausart zaitez benetako programa progresista izango duen koalizio-gobernuko presidente izaten?, esan dio Iglesiasek.

?Askotan, eztabaidarik zakarrenaren ondotik une gozoak etortzen dira; espero dut gaurko egunaren ostean akordioa lortzea eta akordio horri musuaren ituna deitzea?, desiratu du.

Inbestiduraren lehen saioan eztabaida gogorra izan zuten Iglesiasek eta Sanchezek. Gaurkoan, berriz, Podemoseko buruzagiak tonu bareagoa erabili du eta hautagai sozialistari eskua luzatu dio koalizio-gobernua osatzeko, Valentziakoa adibidetzat jarrita.

Ciudadanos

Albert Riverak abstenitzeko deia egin die Alderdi Popularrari eta Podemosi, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izan dadin.

Mariano Rajoyren kontra gogor egin du Riverak, eta akordio batera heltzeko saiakerarik egin ez izana leporatu dio. Espainiako erregearen, Kongresuaren eta demokraziaren papera zalantzan jartzen ahalegindu izana egotzi dio, ?baina ez duzu horrelakorik lortu?.

?Arratsalde honetan elkarrekin bozkatuko dute Espainia hautsi nahi dutenak eta Espainia usteltzea nahi dutenak?, esan du Podemosi, talde independentistei eta Alderdi Popularrari aipu eginez, hurren hurren.

Bere garaian UCDko kide izandako PPko diputatuei ere zuzendu zaie Rivera, Iglesiasekin batera boto bera emango dutela adieraziz. Ildo horretan, Podemoseko buruzagiari esan dio ez duela Valentziakoa bezalako Gobernua eratu nahi, ?zuk eskandaluzko Gobernua osatu nahi duzu?.

EAJ

Aitor Estebanek berretsi egin du Pedro Sanchezen aurkako botoa, baina gaurtik aurrera EAJ negoziatzeko prest dagoela jakinarazi dio: ?Etorkizunean negoziatzeko prest gaude, astelehenetik aurrera fase berri bat hasiko da eta, soluzioak bilatzeko bada, gurekin konta dezakezue?.

Hala ere, Estebanek ohartarazi dio Gobernua osatu nahi badu, Ciudadanosekin egin duen itunean ?elementu batzuk kendu eta ñabardura batzuk egin? beharko dituela. Era berean, euskal autogobernuari buruz duen jarrera zein den argitzeko eskatu dio.

"40 urte daramagu hitz ederrak entzuten, baina hitz politak bakarrik ez dira nahikoa" eta, gainera, "Kataluniako errealitatea eta ETAren desagerpena" kontuan hartu beharko lukeela esan dio.

"Danok dakigu Estatuan arazo instituzionala dagoela, ez da soilik erabakitzeko eskubidearen edo eskumenen gaineko arazoa. Errealitateez hitz egin behar da, egunez egun harremanetan topatzen direnen errealitateez", azaldu du.

"Ez dakit zer uste duzuen euskal errealitateari dagokionez, azpiegiturak, finantzak, hezkuntza (?) baina espero dut aipatutakoa kontuan hartzea, presidente batek horren moduko gauzak kontuan hartu behar ditu", erantsi du.

EH Bildu

Talde Mistoko bozeramaileek (Compromis, IU-UP, EH Bildu, UPN, Foro Asturias eta Nueva Canaria) Pedro Sanchezen kontrako botoa berretsi dute. Coalicion Canariak soilik erabaki du botoa aldatzea eta PSOEren presidentegaia babestea.

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren diputatua Pedro Sanchezi zuzendu zaio eta, leporatu dioenez, "zuk eskaintzen diguzuna ez da benetako aldaketa, sakona, justizia sozialerantz abiatzea. Zuk nahi duzu gizarteak ukitu txikiekin konformatzea, azken hamarkadetako politikek eragindako hausturek aldaketa errotik egitea eskatzen dutenean".

EH Bilduko bozeramaileak ?Euskal Herriaren eskakizunak ez entzutea? egotzi dio Pedro Sanchezi, inbestidura saioan, euskal herritarrek ?argi eta garbi? esaten baitute euren etorkizunean eragina duen gauza orori buruz erabaki nahi dutela.

?Demokrazia eskakizun horren aurrean, zuei, akordioaren sinatzaileei, eta PPri 78ko izpiritua berreskuratzea baino ez zaizue bururatzen?, esan du.

Hitzaldiaren azken uneetan, parlamentari abertzalea Albert Riverari zuzendu zaio: ?ez hitz egin EH Bilduri buruz; hitz egin EH Bildurekin. Ez zuk, ez Sanchez jaunak, ez duzue kalitate demokratiko nahikorik gurekin hitz egiteko?.

?Guk lehen egunetik esan dugu guztiekin hitz egiteko prest gaudela, baina zuek ez zarete gai izan gurekin hitz egiteko?, nabarmendu du.

Bestalde, Alberto Garzonek (IU-UP) eskua luzatu dio PSOEko buruzagiari astelehenetik aurrera negoziazioari heltzeko eta akordio lortzeko ?aukera guztiak? aztertzeko. ?Gu ez gara zure etsaiak, gu Alderdi Sozialistaren aliatuak izan gaitezke, ezkerreko bidetik jotzen badu?, azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika albisteak Alderdi Sozialista Espainiako Gobernua bideoak Pedro Sánchez bideoak Gaurko azken ordukoa