Politika -
Igandea arte
Hasi dira Podemos Euskadiren barne-hauteskundeak
Guztira lau dira korronte nagusiak: Kaliangora, Si Se Puede, Zurekin eta Aurrera Begira.
agentziak | erredakzioa
Podemos Euskadiko kideak 10:00etan hasi dira idazkari nagusia eta Herritarren Kontseilua osatzen duten 34 aukeratzeko barne-hauteskundeetan botoa ematen.
Martxoaren 6ko gauerdian, igandean, amaituko da Internetez botoa emateko epea, eta emaitza martxoaren 8an jakinaraziko dute.
Podemosek 10.000 kide baino gehiago ditu EAEn, baina aurreko barne-hauteskundeetan (aurreko idazkari nagusia hautatzeko, eta Batzar Nagusietarako eta Senaturako zerrendak aukeratzeko) herenak ere ez zuen parte hartu.
Podemos Euskadi eratzeko prozesuan 3.142 pertsonek eman zuten botoa; Batzar Nagusietarako, 2.300ek; eta Senaturako, 2.449k. Oraingoan alderdi moreko kide gehiagok bozkatuko dutela espero dute, izen emateak izan direlako, eta 15.000 ingurura iritsi direlako, zuzendaritzaren arabera.
Hiru barne-hauteskunde horietan EAEko hiru korronte nagusiek parte hartu zuten: Roberto Uriarteren ingurukoak, orain Kaliangora izango denak; Si Se Puedek; eta antikapitalistenak, Zurekin izenarekin aurkeztuko direnak.
Orain, zuzendaritza nagusiak aurkeztutako korronteak ere parte hartuko du, Aurrera Begira izenpean. Zerrenda horretan daude, hain zuzen ere, Nagua Alba eta Eduardo Maura diputatuak, eta Lander Martinez Bilboko idazkari nagusia.
Horien aurkariak Neskutz Rodriguez (Zurekin), Pilar Garrido EHUko irakaslea (Kaliangora) eta Amaya Arcocha (Si Se Puede) izango dira.
Gainera, Paco Garcia Tejedor eta Pedro Viana ere aurkeztu dira idazkari nagusi izateko, baina korronte ofizialetatik kanpo.
Era berean, 26 independente aurkeztuko dira Herritarren Kontseilurako.