Politika -
Eusko Jaurlaritza
Hizkuntza Politikarako sailburuordeak dimisioa aurkeztu du
"Taldearekin desadostasunak zituelako" aurkeztu du dimisioa Ramon Etxezarretak, Radio Euskadik jakinarazi duenez. Lourdes Auzmendik ordezkatuko du.
Erredakzioa
Ramon Etxezarreta Aizpuru Hizkuntza Politikarako sailburuordeak dimisioa aurkeztu du, Radio Euskadik jakitera eman duenez. Antza denez, "taldearekin desadostasunak" zituelako aurkeztu du bere dimisioa Etxezarretak.
Gainera, Lourdes Auzmendik karguan ordezkatuko duela baieztatu dute. Exekutiboan izan ostean, Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari izatera itzuliko da. Era berean, Igor Calzada Etxezarretaren taldeko beste kide batek duela gutxi dimititu zuen.
Etxezarretaren dimisioa gaur onartuko du Eusko Jaurlaritzak. Exekutiboko iturrien arabera, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak "arrazoi pertsonalak" argudiatu ditu dimisioa aurkezteko.
Gobernu Kontseiluak bihar onartuko du Etxezarretaren ordezkapena eta Lourdes Auzmendi izendatuko du karguan. Gaur egun Auzmendi Kultura Saileko Euskara Sustapenerako zuzendaria da.
Donostiako Udalean Kulturako zinegotzi sozialista izan da urte askotan Etxezarreta, eta Kultura Saileko arlo garrantzitsuenetako batean lan egin du orain arte, Hizkuntza Politika.
2007ko maiatzean zinegotzi izateari utzi zion, politika utzi nahi zuelako, baina Patxi Lopez lehendakariak Gobernuko kide izateko deitu egin zionean, kargua onartu eta 2009ko maiatzetik Hizkuntza Politikarako sailburuorde zen.
Lourdes Auzmendik ordezkatuko du karguan, Kultura Sailean berarekin lan egin ostean. Auzmendi EHUko irakasle eta itzultzailea izan da.