Politika -

Espetxetik irten da

Otegi, aske

Senide, lagun eta ezker abertzaleko buruzagi eta ordezkariek harrera beroa egin diote Logroñoko espetxeko kanpoaldean. Otegiren lehen adierazpenak, aske: "Lehendakaririk onena Euskal Herrian, herria".

Ehunka lagunek egin diote harrera Otegiri Logroñoko kartzelan. Argazkia: EiTB (Iñaki Errea)
Arnaldo Otegi atera da Logroñoko espetxetik

EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Goizeko bederatzietarako lau minutu geratzen zirela, irribarretsu eta emozio betean atera da Logroñoko espetxetik Arnaldo Otegi. Han, 7. ziegan, eman ditu azken sei urte eta erdiak. Kanpoaldean, harrera egitera joandako ehunka lagunak bildu dira, ikurrinak, arrano beltzaren eta euskal presoen aldeko banderak aldean.

Itzalean 2.331 egun eman ditu guztira. Batasuna berrantolatzea egotzita, Auzitegi Gorenak ezarritako zigorra osorik bete du Otegik. Eguzkiak eta Logroñoko kartzelaren kanpoaldean bildutako senitartekoek, lagunek eta politikariek egin diote harrera ezker abertzaleko buruzagiari. Une historikoaren lekuko izan dira beste hainbat kazetari ere.

"Espainiako espetxe batetik preso politiko bat atera da gaur"

Beltzez jantzita, lehen besarkada Hodei semeari eman dio. Gero, ahal zuen moduan jendartean aurrera eginez eta besarkadak eta musuak banatuz, metro gutxitara paratutako agertoki txikira hurbildu da Otegi. Han egin ditu bere lehen hitzak.

Azpimarratu duenez, "Espainiako espetxe batetik preso politiko bat atera da gaur. Batzuk esaten dute Espainiar Estatuan ez dagoela preso politikorik. Kamera horiei begiratu behar diezue ikusteko badaudela bai, preso politikoak", zeren argudiatu duenez, "halakorik ez da ikusten preso sozialak libre uzten dituztenean, immigranteak kanporatzen dituztenean edo desjabetzeak daudenean".

Esaldi borobil batekin amaitu du Otegik bere berbaldi laburra: "Lehendakari onena, alkate onena, herria", EAEn aurten egitekoak diren hauteskunde autonomikoak hizpide.

arnaldo otegi logroño

Logroñoko espetxe kanpoaldean egin ditu Otegik bere lehen adierazpenak. Argazkia: EiTB (Oihane Yustos).

Ezker abertzaleko ordezkaritza zabala

200 bat lagunek egin diote harrera. Sortuko eta ezker abertzaleko aurpegi ezagunak ikusi ahal izan dira Logroñon: Hasier Arraiz Sortuko presidentea, Pernando Barrena, Joseba Permach, Tasio Erkizia, Joseba Alvarez, Iker Casanova edota Pablo Gorostiaga. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia eta Miren Zabaleta Bateragune auzian Otegirekin batera zigortutakoa ere, han ziren. EH Bilduko koalizioaren ordezkari ugari ere bildu dira Logroñon, besteak beste, Pello Urizar EAko idazkari nagusia. Kataluniatik etorriak, bestalde, Anna Gabriel CUPeko diputatua eta David Fernandez bozeramaile ohia. Fermin Muguruza eta Lluis Llach (Junts Pel Siko parlamentaria ere bada) abeslariek ere ez dute une gogoangarria galdu nahi izan.

Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren agenteek lehendabiziko ongietorri ekitaldi hau zaindu dute, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak emandako aginduari jarraiki.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi berriak Politika albisteak Albisteak Sortu EH Bildu Araba Albisteak