Politika -

Diputatuen Kongresua

Ostiralean egingo dute Sanchezen inbestidurako bigarren bozketa

Patxi Lopez Kongresuko presidenteak larunbaterako deitu zuen saioa, baina PP eta Podemos erabaki horren aurka agertu ziren.

Pedro Sanchez PSOEko burua. EiTB
Pedro Sanchez PSOEko burua. EiTB
Pedro Sanchez PSOEko burua. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez hautagai sozialistaren inbestidurako bigarren bozketa ostiralean egingo dute azkenean, Patxi Lopez Kongresuko presidenteak iragarri duenez.

Hasiera batean, larunbatean zen egitekoa bozketa, baina PP eta Podemos erabaki horren aurka agertu ziren.

Gainera, joan den astean, Alderdi Popularrak gaia Auzitegi Konstituzionalera eramateko mehatxu egin zuen, bigarren bozketa lehendabiziko saioa egin eta 48 ordura (ostiral gauean) deitu behar zela, eta, beraz, larunbat goizera atzeratu ezin zitekeela ulertuta.

Patxi Lopez Kongresuko presidenteak esan du Bozeramaileen Batzordean eztabaida "txiki" bat izan dela "48 ordura" kontzeptuaren harira, baina eztabaida horrek ez duela inora eramaten erantsi du, "interpretazio asko egin daitezkeelako".

Lopezek adierazi du bigarren bozketa larunbat goizean eginda, taldeei denbora gehiago eman nahi zietela, botoa pentsatzeko edota balizko akordioak egiteko.

Inbestidura

Azkenean, Espainiako Gobernuko presidentea aukeratzeko inbestidura saioa astearte honetan hasiko da, 16:30ean.  Pedro Sanchezek soilik hartuko du hitza.

Gainerako taldeek biharamunean, asteazkenean, hitz egingo dute, eta agerraldiak amaituta, bozketa egingo dute. Lehen bozketan gehiengo absolutua (176 boto) beharko du Alderdi Sozialistako buruzagiak Espainiako Gobernuko presidente bilakatzeko.

Agerraldi ugari izango direnez, lehendabiziko bozketa 21:00ak inguruan izango dela aurreikusita dago. Horrenbestez, oso litekeena da bigarren bozketa ostiral gauean izatea. Kasu horretan gehiengo sinplearekin nahikoa da.

Asteazkenean, inbestidura saioaren lehen bozketa egitean, Espainiako Gobernua osatzeko epeak ere abiaraziko dituzte. Une horretatik aurrera bi hilabete izango dituzte Kongresuan Espainiako presidente berria aukeratzeko. Hala ez bada, ekainaren 26an hauteskundeak deituko dituzte berriro.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Berriak Politika Albisteak PSOE Espainiako Gobernua argazkiak Espainia argazkiak Pedro Sánchez Gaurko azken ordukoa