Politika -
Imelsa auzia
Barberak uko egin dio Valentziako Gorteetan azalpenak emateari
Podemosek eta Compromisek eskatuta, azalpenak ematera deituta zegoen. Orain, haren kontrako neurriak hartzea aztertuko dute Valentziako Gorteek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Rita Barbera Valentziako alkate ohi eta PPko senatariak Valentziako Gorteei jakinarazi die ez dela Generalitateko Erakundeen Erregimenari, Koordinazioari eta Antolaketari buruzko Batzordera joango Imelsa auziaz eta Taula operazioaz azalpenak ematera. Horrela, baztertu egin du Compromis eta Podemos alderdiek eskatutakoa.
Enric Morera Valentziako Gorteetako presidentearen eta Alfred Boix (PSPV) aipaturiko batzordeko presidentearen ustez, Barberak "errespetu falta" erakutsi du erabaki hori hartuta, eta haren kontra neurriren bat hartzea aztertuko dutela nabarmendu dute; isunen bat jartzea, kasu.
Barberak ostegunean kazetarien aurrean egin zuen agerraldian adierazi zuen oraindik ez zuela erabakita Valentziako Gorteetan azalpenak emango dituen ala ez, baina "ezker erradikalak" proposatutako "herri auzitegi totalitarioen esku" ez zela jarriko adierazi zuen. Haren esanetan, senataria izanik, ikerketa batzordeetara bakarrik joan behar du.