Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

"Une zailak" bizi dituela onartu du Xabier Agirrek

Hala ere, Arabako ahaldun nagusi bezala agintaldi berri bati ekiteko indarrak badituela esan du. Bestalde, auzipetuen jarduera pribatuak euren kargu publikoekin bateragarriak zirela baieztatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusiak adierazi du "une zailak" bizitzen ari dela, ustezko iruzur kasua dela eta. "Nire ibilbide politikoan bi momentu gogor izan ditut: "EAJren zatiketa eta oraingoa", onartu du.

Hala eta guztiz ere, indarrak badituela nabarmendu du eta, beraz, Arabako Diputaziorako EAJren hautagaia izateko eta agintaldi berri bati ekiteko prest dagoela esan du.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, ahaldun nagusiak kritikatu du afera honen inguruko informazioa "komunikabideetatik" jasotzen ari direla eta horrek "ezinegona" sortzen duela.

Horrez gain, Xabier Agirrek azpimarratu du auzipetuen jarduera pribatuak euren kargu publikoekin bateragarriak zirela.

Alfredo de Miguelen errugabetasunean sinesten ote duen galdetuta, baietz erantzun du. "Erruduna dela frogatzen bada, orduan hautsiko da berarenganako konfidantza, baina ordura arte ez".

Agirrek azaldu duenez, Alfredo de Miguelekin hitz egin zuenean honek behin eta berriro esan zion errugabea zela eta dimisioa aurkeztea erabaki zuela jakinarazi zion, "Diputazioaren sinesgarritasunari kalte ez egiteko".

PP eta EA

Bestalde, Arabako ahaldun nagusiak gogor kritikatu du afera honen aurrean Alderdi Popularra erakusten ari den jarrera. "Gauza larriak esan dituzte Alfredo de Miguelen, Diputazioaren eta EAJren inguruan eta ziurrenik eurak dira horrelako gaietan isilik egoteko arrazoi handienak dituztenak", salatu du.

Eusko Alkartasunak Gobernu forala uzteko aukeraren harira, horrelakorik gertatuko ez dela uste du. "Joan den asteko bileran argitu ziren horrelako albisteek eragiten dituzten tentsioak eta EAko diputatuen leialtasunean sinesten dut", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea