Politika -
Pedro Sanchezen inbestidura
PP eta Ciudadanos inbestidura saioaren ostean bilduko dira
Alderdi Popularra ziur dago Pedro Sanchezek porrot egingo duela eta ez duela babesik lortuko Espainiako Gobernuko presidente izateko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alderdi Popularrak ziurtzat jo du Pedro Sanchezek ez duela Espainiako Gobernuko presidente izateko babesik lortuko, eta, beraz, inbestidura saioaren ostean negoziatzen hasteko proposamena egin dio Ciudadanosi.
Jose Antonio Bermudez de Castro PPren talde parlamentarioaren idazkari nagusiak zehaztu duenez, negoziazioa martxoaren 4tik aurrera hasiko da, eta dagoeneko talde negoziatzaile bat izendatzeko eskatu diote Albert Riverari.
Horrez gain, Pedro Sanchezen inbestidura ez dutela inola ere babestuko, kontrako botoa emango dutela eta erabaki hori “irmoa” dela berretsi dio PPk Ciudadanosi.
Inbestidura eztabaidaren ostean PPrekin biltzea onartu, eta Alderdi Sozialistarekin aurreakordioa lortu arren, Sanchezek porrot egingo duela uste duen galdetuta, hori alderdi horretako buruzagiek erantzun behar dutela erantzun du Bermudez de Castrok.
Bestalde, PPko kideak ez du argitu Ciudadanosek ituna egiteko eskatzen dituen erreforma konstituzionalak onartuko dituzten, baina Konstituzioa aldatu nahi bada, PPren oniritziarekin izan beharko dela azpimarratu du.