Politika -

Auzitegi Nazionala

Otegiren ongietorriak debekatzeko eskatu dio AVTk Auzitegi Nazionalari

Terrorismoaren Biktimen Elkartearen esanetan, Elgoibarren eta Donostian antolatu dituzten ekitaldietan terrorismoa goratu daiteke.

Arnaldo Otegiri martxoaren 5ean Donostian egingo dioten ekitaldia aurkeztu zuteneko argazkia. EFE
Arnaldo Otegiri martxoaren 5ean Donostian egingo dioten ekitaldia aurkeztu zuteneko argazkia. EFE
Arnaldo Otegiri martxoaren 5ean Donostian egingo dioten ekitaldia aurkeztu zuteneko argazkia. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegiri egin nahi dizkioten ongietorriak debekatzeko eskatu dio AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak Auzitegi Nazionalari, eta hori eskatzeko idatzi bat aurkeztu du auzitegi horretan bertan.

Otegi martxoaren 1ean aterako da Logroñoko kartzelatik, eta, atarian egingo dioten lehendabiziko harreraren ondotik, arratsalderako ekitaldia antolatu dute Elgoibarren, haren jaioterrian, eta martxoaren 5ean ongietorria emateko ekitaldia egingo diote Donostiako belodromoan.

Atzo, Elgoibarko eta Donostiako ekitaldiak debekatzeko eskaera egin zion Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Auzitegi Nazionaleko fiskalburuari. Urquijorekin bat eginez, eskari bera egin du gaur AVTk. Aipaturiko biktima elkarteak azaldu duenez, Elgoibarren eta Donostian antolatu dituzten ekitaldietan terrorismoa goratu daiteke. Are gehiago, haren esanetan, ekitaldi horien helburu bakarra "ETAko kide izateagatik zigortu duten pertsona bat goratzea da, eta hori biktimak eta horien senideak umiliatzea eta mespretxatzea da". "Ekitaldi horiek eragin larria dute horiengan", gaineratu du.

Halaber, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak ekitaldi horiek deitu dituztenen inguruko txostenak egitea eskatuko dio Auzitegi Nazionalari, "deialdi horien atzean legez kanpoko erakunderen bat dagoen argitzeko".

AVTk ez daki deialdien atzean "ETAko presoei babesa ematen dien legez kanpoko erakunderen bat dagoen ala ez", baina ekitaldi horiek debekatzeko arrazoiak badaudela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi berriak Auzitegi Nazionala berriak Politika albisteak Donostia argazkiak Elgoibar albisteak Gaurko azken ordukoa