Politika -
Izendapena
Rajoy 'persona non grata' izendatu dute Pontevedran
Itsasadarrean dagoen fabrika bati 60 urtez funtzionatzen jarraitzeko baimena eman diolako eman diote izendapena.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea persona non grata izendatu dute Pontevedran, hots, haurtzaroa eta ibilbide profesionalaren zati handi bat eman zuen hirian.
Pontevedrako Udalean egindako bozketan, BNGk, PSOEk eta Mareak izendapen hori ematearen alde bozkatu dute, eta Ciudadanoseko zinegotzi bakarrak, aldiz, aurka. PPkoak saiotik joan dira, eta, horregatik, keinu hori abstentzio gisa zenbatu dute.
Saioa tentsio handikoa izan da, Rajoyren alde zein aurka dauden pertsona asko bertaratu baitira.
Tentsio horren ondorioz, Miguel Anxo Fernandez Lores alkateak saioa bertan behera utzi behar izan du bitan, behin-behinean.
Ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, Rajoy persona non grata izendatzeko kausa nagusia da Pontevedrako itsasadarrean dagoen paper fabrika bati funtzionatzen jarraitzeko baimena 60 urtez luzatu izana.
Fabrika hori marisko-banku handi baten gainean eraiki zuten, eta 2018an itxi behar zuten, baina Rajoyk luzapena eman dio.
ENCE paper fabrika. Argazkia: Greenpeace
Horren ildotik, Pontevedrako alkateak aurreratu du Espainiako Gobernuaren hurrengo presidentea ere izendatuko dutela persona non grata, Rajoyren erabakia bertan behera utzi ezean.
Carmela Silva Pontevedrako Diputazioaren presidenteak azaldu duenez, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohia ere persona non grata izendatu zuten Fene herrian (Coruña), Astano ontziolaren gatazka ez konpontzeagatik, eta erabaki horrek ez zuen "polemikarik" sortu.