Politika -
Elgoibar eta Donostia
Urquijok Otegiren ongietorriak debekatzeko eskatu du
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak uste du "bake gizon gisa aurkezteak" ez diola kentzen "legea bete behar izatea".
agentziak | erredakzioa
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak eskaera bat egin dio Auzitegi Nazionaleko fiskalburuari, Arnaldo Otegiri Elgoibarren eta Donostian egin behar dizkioten ongietorriak debeka ditzan.
Urquijok prentsa-ohar batean azaldu duenez, Batasunaren bozeramaile ohiari omenaldiak egitea terrorismoa goratzea izan liteke, eta Fiskaltzari eskatu dio "beharrezko jotzen dituen neurriak" har ditzala legea errespetatzeko.
Gobernuaren ordezkariarentzat, "terrorismoaren biktimak umilduko dituzte beste behin ere", eta hori "debekatuta dago".
"Hilabete batzuk barru hauteskundeak izateak, eta batzuek Otegi bake gizon moduan aurkeztu nahi izateak ez du ETA erakunde terroristari emandako babesaren historia zuritzen, eta ez du kentzen legea bete behar izatea", azpimarratu du Urquijok.