Politika -

Pumpido

"Inpugnatu egingo ditugu iruzurrezko hautagaiak dituzten zerrendak"

Estatuko fiskal nagusiak iradoki du gauza bera gertatuko dela alderdia legezkoa bada ere. Alderdiek dagoeneko agertu dute euren jarrera Gobernuak iragarritako neurriekiko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Candido Conde Pumpido Estatuko fiskal nagusiak gaur iradoki du EAren zerrenden kontra ere joko dutela "iruzurrezko hautagairen bat" baldin badute, legez kanpoko ezker abertzaleak udal hauteskundeetan parte har ez dezan iragarri dituzten neurrien harira. Dena dela, Alderdien Legearen gaineko aldaketak Gobernuak erabakiko dituela azpimarratu du.

Donostian hedabideen aurrean Conde Pumpidok adierazi duenez, "egoera berean jarraitzen badugu, ez dute legearen barruko mundu politikoan parte hartzeko aukera izpirik izango".

Azaldu duenez, iraganean izandako hauteskundeetan pilatutako esperientziari esker frogatu ahal izan dute, "inpugnatzeko epea hauteskunde kanpainara luzatzea komeni dela", izan ere, batzuetan ezin da jakin zerrendak "kutsatuta" ote dauden hauteskunde-kanpaina amaitu arte.

Era berean, esan du "beharrezkoa" dela "legezko alderdien zerrenda indibidualak inpugnatzeko aukera" eta baita "hautatu ondoren legez kanpoko jotzen diren alderdietako kargudunek beren kargua galtzea".

"Jaso dugun esperientzia osoa Gobernuari helaraziko diogu beharrezko jotzen dituen neurriak har ditzan, baina berak burutu behar ditu, guk irizpide teknikoak soilik emango dizkiogu", berretsi du.

"Legez kanpoko alderdiei lotutako iruzurrezko hautagaiak aurkezten badituzte, zerrenda horiek inpugnatu ahal izango dira", hau da, inpugnazioak "zerrenda osoari eragingo dio".

Ezker abertzaleak "beldurra" dakusa

Niko Moreno Elorrioko (Bizkaia) alkateak, ANVkoak, adierazi du Madrilgo Gobernua aztertzen ari den hauteskunde-erreformak "ahuldadea" eta "beldurra" erakusten duela.

"Indar erakustaldia irudikatu nahi dute, baina azkenean agerian uzten dutena Estatuaren ahuldadea eta ezker abertzaleak planteatu nahi duen konfrontazio demokratikoari Estatuak dion beldurra da", adierazi du Morenok Iruñean emandako prentsaurreko batean.

Gaineratu duenez, "agerikoa da ezker abertzalearen apustuak bazterrak nahastu dituela", eta horrek "aukera independentistak egon behar duela egiaztatzen du".

EAJ, erreformaren kontra

Iñaki Gerenabarrena EAJko Araba Buru Batzarreko presidentearen hitzetan, "ezin da alderdi bat eragotzi arrazoi ideologikoengatik"; ildo horretan, hiritarrek beraien botoekin erabaki beharko luketela uste du.

Jose Antonio Pastor PSEko bozeramailearen iritziz, ordea, Gobernuaren legegintza-erreformak "ez dira bulkada emozionalengatik" egiten, ezta "PPk aginduta" ere. Euskal sozialistek "poztasunez" hartu dute erreforma; izan ere, "ETAren edo bere ingurukoen zerrenda kutsatuak erakundeetan egoteko aukera saihesten ahaleginduko dira".

Iñaki Oyarzabal PPren EAEko idazkari nagusiak Gobernu Zentralak iragarritako erreforma txalotu du, baina hura "ezartzeko borondate politikoa" eskatu du eta "konfiantza" giro baten beharra aldarrikatu du, "zalantza guztiak uxatzeko".

Ministroen Kontseiluak Alderdien Legeari egin behar dizkion aldaketen aurrean Aralarrek adierazi du "eskubide guztien alde" dagoela, "ezinbestean egon behar du baita ere pertsona orok politikan jarduteko eskubidearen alde". Hori dela eta, Mikel Basabe legebiltzarkideak azaldu duenez, "iruditzen zaigu Espainiako Estatua berez murriztaile baden lege bat ari dela gehiago murriztu guran".

EAren hitzetan, erreforma hauekin "espainiar nazionalismoak"erakundeetara heldu eta betirako iraunarazi nahi du. Maiorga RamirezEAko lurralde-idazkaria Nafarroan esan duenez, "Alderdien Legeakeragindako defizit demokratikoan sakontzen du neurri berriak".

Mikel Arana EBren idazkari nagusiak, bere aldetik, salatu du PSOEk eta PPk "zentzurik ez duen lasterketa bat" hasi dutela "terrorismoaren kontrako borrokan tinkoago" nor ari den ikusteko.

Bien bitartean, Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak babesa agertu dio erreformari "ETAren aldeko erakundeei bidea estutzeko" eta horrela, "ETA bizi den bitartean, udaletan horren bozgorailuak egotea erabat ezinezkoa izan dadin, ETA erabat gaitzesten duten arte behintzat".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea