Politika -
Salaketa diskriminazioagatik
Ciudadanoseko hautagai gorrak EAEko zuzendaritza salatu du
"Emakume honek ezin du hitz egin; mikrofono bat aurrean jarriz gero, honek beldurrezko pelikula bat ematen du". Horrelakoak esan zituzten haren aurka, hautagaitza utz zezan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Henar Pascual hauteskunde orokorretan Ciudadanosen Bizkaiko zerrendaburua izan zenak salaketa jarri du Nicolas de Miguel Euskadiko Ciudadanosen ordezkari nagusiaren eta Borja Gonzalez Bizkaiko ordezkariordearen kontra, gorra delako mehatxuak eta diskriminazioa jasan izana argudiatuta.
Bilboko epaitegian jarri duen salaketan jasotakoaren arabera, gertakariak azaroan hasi ziren, Kongresurako bere hautagaitza aurkeztu zuenean eta Albert Riverak berak ere Bizkaiko zerrendaburua “emakume gor bat” izango zela publikoki esan ostean.
Bilera batean, Euskadiko Ciudadanosen buruzagiak hautagaitzari uko egiteko eskatu zion, “alderdiaren irudi ona mantentze aldera”.
Horrez gain, bere ibilbide profesionala –irisgarritasunean aditua eta prestigioduna da, eta Gorren Bizkaiko Koordinadora zuzendu zuen- akabatuko zutela mehatxu egin zioten.
Hautagaitzari uko egingo ez ziola ikusita, Nicolas de Miguelek eta Borja Gonzalezek (polizia da ofizioz) urrats bat gehiago eman zuten, eta Pascual pertsona “ustela” zela zabaltzen hasi ziren, salaketaren arabera.
Bestalde, abenduaren 5ean, De Miguelek bilera bat antolatu zuen, biharamunean Donostian egin behar zuten ekitaldi politikoa antolatzeko. Ekitaldi horretan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuek hartu behar zuten parte, baina Pascualek hitz egitea saihestu nahi zuten.
Batzar hartan, honakoa esan zuen De Miguelek: “Emakume honek ezin du hitz egin; mikrofono bat aurrean jarriz gero, honek beldurrezko pelikula bat ematen du”.
Bizkaiko hautagaiak Kongresuan eserlekurik lortuko ez zuela ikusita, De Miguel pozik agertu zen. “Ciudadanos jendaurrean hitz egiten dakiten pertsona ederrek osatzen duten alderdia da”, adierazi zuen.