Politika -
Kartzelatik ateratzea
Ongietorri ekitaldia egingo diote Otegiri martxoaren 5ean, Donostian
Otegi bera egongo da ekitaldian, eta antolatzaileek bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, Anoetako Belodromoan 'irribarre jendetsua irudikatzeko'.
Agentziak | Erredakzioa
Hainbat bertsolarik, kirolarik, aktorek eta kazetarik ekitaldi bat antolatu dute datorren martxoaren 5erako, Arnaldo Otegiri, kartzelatik atera ostean, ongietorria emateko. Ekitaldia Donostian dagoen Anoetako Belodromoan egingo da, arratsaldeko 17:30etik aurrera, eta Otegik berak esku hartuko du. Antolatzaileek ekitaldian parte hartzeko deia egin diete herritarrei, Belodromoan "irribarre jendetsua irudikatzeko" xedearekin.
Ekitaldia gaur aurkeztu da hedabideen aurrean, eta aurkezpen-ekitaldian, besteak beste, euskal kulturaren eta kirolaren honako ordezkari hauek egon dira: Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun ohia, Ramon Agirre aktorea, 1980tik 2000. urtera arte Zeledonenak egin zituen Iñaki Landa, Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri taldeko abeslaria, Amets Arzalluz eta Jon Maia bertsolariak, Iñaki Artola Mikel Olaetxea pilotariak, Iñaki Azurmendi aizkolaria eta Ainhoa Lendinez eta Arritxu Iribar kazetariak.
Ramon Agirre eta Arritxu Iribarrek bozeramaile-lanak egin dituzte, eta, gogoratu dutenez, datorren martxoaren 1ean Otegi "Euskal Herrira itzuliko da, sekula utzi behar izan ez zuen lekua". Garrantzitsutzat jo dute “haren itzulera behar den moduan ospatzea”, kartzelan “sei urte luzez egon” ostean.
Gauzak horrela, ezker abertzaleko buruaren egoera "babesten eta salatzen" ibili diren pertsonek garrantzia bereziko ekitaldia antolatzea erabaki dutela adierazi dute.
"Argudiorik gabe"
Agirrek baieztatu duenez, "denbora guzti honetan ez da egon argudio judizial bat bera ere Otegiren kondena justifikatuko duenik". Bere aburuz, "guztiz salagarriak diren argudio politikoak besterik ez dira egon".
Agirreren iritziz, "Arnaldo kalean egonik, garai berri baten barruan sartuko gara". "Ginda jarri nahi diogu azken sei urte eta erdi hauetan egindako lanari, eta uste dugu hori egiteko era aurkitu dugula: irribarre jendetsua irudikatzea martxoaren 5ean, Anoetako Belodromoan", azaldu du. "Horixe bera da tarte honetan guztian zehar Arnaldo berak eskatu diguna: irribarre beteari eutsi diezagula, eta horixe egingo du atsegin handiz".