Politika -
Esperanza Aguirreren dimisioa
Cifuentesek zuzenduko du Madrilgo PPren batzorde kudeatzailea
Madrilgo Alderdi Popularreko buruzagiak batzorde kudeatzailearen aurka agertu dira; Cifuentesek Aguirreren tokia hartzea nahi zuten. Azkenean, zuzendaritzak erdibideko aukeraren alde egin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Esperanza Aguirrek dimisioa eman ostean, Madrilgo Alderdi Popularra batzorde kudeatzaile batek gidatuko du, Cristina Cifuentes Madrilgo erkidegoko presidentea buru dela. Juan Carlos Vera hauteskunde kanpainako arduraduna izango da Cifuentesen ondokoa.
Alderdi Popularraren zuzendaritzak bi aukera aztertu ditu: batzorde kudeatzaile bat eratzea edo Madrilgo PPren zuzendaritza bilera deitzea eta honek behin-behineko arduradun bat aukeratzea. Azkenean, batzorde kudeatzailearen alde egin du.
Batzorde horretako gainerako kideak Alderdi Popularraren hurrengo zuzendaritza bileran adostuko dute. Batzorde hori Madrilgo PPren biltzarra egin arte arituko da lanean.
Madrilgo erkidegoko Alderdi Popularreko buruzagi eta kargu publiko asko batzorde kudeatzailea eratzearen aurka agertu dira, eta Cifuentesek Aguirrek utzitako tokia berehala hartzea nahi zuten.
Gauzak horrela, PPren zuzendaritza nagusiak erdibideko erabakia hartu du: Cifuentesek gidatutako batzorde kudeatzailea osatzea.