Politika -
San Antonio auzia
Kontu Auzitegiak Alonso eta Maroto epaituko ditu apirilaren 11n
Gasteizko Udalean sinatu zuten kontratu batengatik ikertuko dituzte. Izan ere, 7,6 milioi euroko alokairua ordaintzeko konpromisoa hartu zuten 2,7 milioi euro balio zuen eraikin batengatik.
agentziak | erredakzioa
Estatuko Kontu Auzitegiak apirilaren 11n epaituko ditu Alfonso Alonso Espainiako Gobernuko jarduneko Osasun ministro, EAEko PPren buru eta Gasteizko alkate ohia eta Javier Maroto PPren idazkariorde sektoriala eta Gasteizko alkate ohia, Arabako hiriburuko Udalean egon zirenean sinatu zuten alokairu kontratu baten harira diru-kutxa publikoari egindako ustezko "kalteagatik".
Gaur Estatuko Kontu Auzitegian egindako auzi saioan finkatu dute epaiketako eguna, kasuaren gertuko iturriek berri eman dutenez.
Gaurko saioan Fiskaltzak iragarri du ez duela auzi-eskerik egingo, kontabilitateari dagokion erantzukizunik ikusten ez duela argudiatuta. Dena den, gainerako auzi-jartzaileek (Gasteizko Udala, EAJ eta PSE-EE) beren arrazoiak berretsi dituztenez, prozesuak aurrera egingo du.
Ikuskaritza organoa Alonsok eta Marotok eta Gasteizko PPko beste zenbait zinegotzik diru-kutxa publikoari, ustez, egindako "kaltea" ikertzen ari da, alokairuko kontratu bat sinatzeagatik merkatuko prezioaren oso gainetik.
Urtarrilaren 20an hasi behar zen auzi saioa, baina Kontu Auzitegiaren egoitza konpontzeko lanetan ari dira, eta atzeratu egin behar izan zuten gaur eguerdira arte lehenengo saioa.
Gasteizko San Antonio kaleko lokal baten alokairuaren kontratua ikertzen ari da Auzitegia. Alonso alkate eta Maroto Ogasun zinegotzi zireneko garaian, 2007an, sinatu zuten kontratua.
Gonzalo Anton enpresariarena da lokala eta horrekin sinatu zuten kontratua. Hala, 20 urtez lokala erabiltzeko 7,6 milioi euroko alokairua sinatu zuten, baina Antonek 2,7 milioi euroren truke erosi zuen eraikina urtebete lehenago.