Politika -
Erreakzioak
Mariano Rajoyk 'ulertzen' du Esperanza Aguirreren erabakia
Esperanza Aguirrek dimisioa eman du Madrilgo PPren presidente gisa, baina PPren Madrilgo Udaleko bozeramaile izaten jarraituko du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Esperanza Aguirrek bere dimisioa jakinarazi dio Mariano Rajoy PPko presidente eta Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari. Aguirreren hitzetan, erabakia "ulertzen" duela adierazi dio Rajoyk.
"Rajoyri deitu nion, baina ez zidan telefonoa hartu. Gero, mezu bat idatzi nion, eta 'ulertzen dut' esanez erantzun zidan. Ondoren, deitu dit, eta hitz egiten aritu gara. Rajoyrekin beti gertatu ohi den moduan, elkarrizketa zintzoa izan da, eta elkarrizketa hori ez da argitara atera behar", adierazi du kazetarien aurrean egin duen agerraldian.
Madrilgo PPren presidenteak dimisioa eman du gaur "Madrilgo PPren inguruan kaleratutako informazio larrien ondorioz", eta informazio hori baieztatuz gero, horri dagokion erantzuna eman beharko zaiola gaineratu du. Dena den, azpimarratu du ez direla "erabat egiazkotzat" jo behar.
Aguirreren erabakiak erreakzio oldea eragin du, eta gaiaz hitz egin duenetako bat Iñigo Errejon Podemoseko bigarrena izan da. Richard Nixon AEBko presidente ohia eta Esperanza Aguirre alderatu ditu Errejonek, biak "ustelkeriaren jazarpenak" behartutako dimisioak izan direla iritzita.
Errejonek albisteari buruzko iritzia eman du Twitterren duen kontuan. "Podemosek ustelkeriaren kontra bultzatu duen ikerketa batzordetik igaro ostean" eman duela dimisioa nabarmendu du.
Twitterren idatzitako beste mezu batean, honakoa idatzi du: "Esperanza Aguirrek Thatcher izan nahi zuen, baina Nixonek bezala amaitu du: jazarpen kasuengatik dimisioa ematen". Halaber, Madrilgo Udaleko zinegotzi gisa ere dimisioa eman beharko lukeela azpimarratu du.
Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak Madrilgo Parlamentuan ustelkeriari buruz abiatutako ikerketa batzordearekin lotu du Esperanza Aguirreren dimisioa. Riveraren hitzetan, bere alderdiak bultzatu du aipaturiko ikerketa batzordea.
Hau idatzi du beste batean: "Ciudadanosek Madrilgo Parlamentuan bultzatutako ikerketa batzordea fruituak ematen hasi da: Esperanza Aguirreren dimisioa. Aurrera jarraitzen dugu".
Alberto Garzon Izquierda Unidako (IU) buruzagiak adierazi duenez, "PPri gainera datorkion horretatik salbatu nahi du" Esperanza Aguirrek, dimisioa emanda. Hori idatzi du Twitterren duen kontuan. Garzonen esanetan, PPren baitako ustelkeriaren eraginez eman behar izan du dimisioa Aguirrek.
Halaber, Garzonek nabarmendu du IU alderdiaz "oso harro" dagoela, alderdiak eta beste batzuek egindako salaketei esker PPko buruak "jausten" ari direlako, eta Valentzian edota Madrilen ikertzen ari diren ustezko ustelkeria kasuak aipatu ditu.
Sara Hernandez Madrilgo PSOEren idazkari nagusiaren hitzetan, berriz, Esperanza Aguirreren dimisioa "berandu" iritsi da, baina "behar-beharrezkoa" zen. Halaber, Mariano Rajoy PPko presidente eta Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak "bide" bera hartu beharko lukeela erantsi du.