Politika -
Lasarte-Oria
EH Bilduk EAJren herrialde ereduri men egin diola kritikatu du Mendiak
EAJ eta PSOE adostasunera helduko direla espero du, 'Euskadiri beti doakiolako hobe Espainian Gobernu sozialista dagoenean'.
Agentziak | Erredakzioa
PSE-EE alderdiko idazkari nagusi Idoia Mendiak EH Bildu kritikatu du, EAJren eta haren herrialde ereduaren aurrean men egitea leporatu baitio. Bere esanetan, "eredu horrek eskubide eta betebehar desberdinak dituzten herritarrak sortzen ditu, non bizi garen arabera"; horrez gain, Mendiaren ustez, bi alderdiek hitzartu berri duten Udal Legeak udalei "adin nagusitasuna ukatzen die". Gauzak horrela, sozialisten buruak dio EH Bilduk modu horretan uko egin diola "demokraziaren hastapenetan itxuraz zuten herrialde-eredua izateari".
PSE-EEko primarioen prozesuen barruan, Lasarte-Orian militanteekin egindako topaketan, Mendiak hedabideei adierazpenak egin dizkie, eta adierazi du sozialistek "euskal herritar guztiak eskubideetan zein betebeharretan berdindu nahi dituen proiektu bat" dutela, "aurre egin behar ditugun benetako erronkak ezkutatuko dituzten inongo nortasunik edo ikurrinik gabe".
Mendiak azpimarratu duenez, sozialisten proiektua "inoiz baino beharrezkoa da", EH Bilduk "EAJren herrialde-ereduaren aurrean men egin berri baitu, udalei beren eskuduntzak finantzatzeko moduari dagokion adin-nagusitasuna ukatzen dien Udal Legea hitzartu duelako".
"EH Bilduk eredu propioa izateari uko egin dio, eta, paradoxikoki, EAJren aurrean makurtu da", gaineratu du agintari sozialistak.
Aldi berean, gaitzetsi egin du EAJk asteburu honetan Iruñean onartuko duen ponentzia politikoa, "bi abiaduratan dabilen herrialdean pentsio pribatuak defendatzen dituena".
Horren aurrean, pentsio "publikoak" defendatu ditu, "hori delako modu bakarra Euskadiko pentsiodun guztientzako pentsio duinak bermatzeko".
Beste eredu bat
Halaber, Lurralde Historikoen Legea eraberritzearen alde agertu da, "Euskadi hobetzeko eta modernoagoa izan dadin, hobe funtziona dezan eta, batez ere, euskal herritar guztiok berdinak izatea egingo duena".
Madrilgo Gobernua
Bestalde, EAJ eta PSOE alderdien gobernagarritasunari begira akordio batera heltzeari buruz galdetu diotenean, Mendiak adierazi du oraindik ere batzarrak egiten ari direla, eta, beraz, goiz akordioa egongo den ala ez esateko".