Politika -

Rajoy-Sanchez bilera

Rajoyk esan du Sanchezek ez diola babesa eskatu

PPko buruaren hitzetan, hautagai sozialistak Konstituzioaren erreforma adostea eskaini dio, baina ez du zehaztu nolakoa izango litzatekeen.

Mariano Rajoy. EFE
Mariano Rajoy. EFE
Mariano Rajoyk eta Pedro Sanchezek bilera laburra egin dute

1:04

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak esan du ez dela damutzen inbestidura saiora aurkezteko erregeak egindako eskaintza errefusatzeagatik, ez baitu boto nahikorik, baina etorkizunerako ez du baztertu hautagai izatea.

Pedro Sanchez PSOEko hautagaiarekin ordu erdi eskas bildu da agintaria, eta, ondoren eskainitako prentsaurrekoan, iragarri du sozialistak ez diola babesa eskatu.

Horren ildotik, Rajoyk esan dio "zentzuzkoena" bera izatea presidentea, eta PSOEk eta Ciudadanosek babesa ematea.

Bestalde, Rajoyren hitzetan, Sanchezek konpromisoa hartu du Estatu itunei eusteko, "espainiar guztiei interesatzen zaien gaietan".

Gainera, hautagai sozialistak Konstituzioaren erreforma adostea eskaini dio, baina ez du zehaztu nolakoa izango litzatekeen.

Sanchezek "beldurraren kanpaina" amaitzea eskatu du

Bestalde, Pedro Sanchezek "beldurraren kanpaina" amaitzea eta PP Gobernutik ateratzea "hainbat arazoren iturria" izango dela ez esatea eskatu dio Mariano Rajoyri.

"Errealitatean, arazo horietako asko konpontzen hasiko dira", gaineratu du.

Rajoyrekin Kongresuan bilera arina egin eta gero, Sanchezek eskatu dio jarduneko presidenteari utz diezaiola esateari "arazoak" izango direla sozialistak Gobernuan daudenean, bere ustean, arazook konpondu egingo dira aldaketaren gobernua Espainiara heltzen denean.

Pedro Sanchez PSOEren burua ziur aguertu da gobernua osatzeko akordioa lortuko duela hilabete amaierarako, Podemos eta Ciudadanosen moduko alderdiak barne hartuta, eta, hala, inbestidura saioa "martxoaren hasieran izan dadila".

Hautagai sozialistak nabarmendu duenez, gobernu progresista eta erreformista eratu nahi du, Podemos eta C'sekin, gehiengo egonkorra izateko, ezkertiarren arteko ituna, Portugalekoa bezalakoa, ez baita nahikoa Espainian.

Bilera hotza

Pedro Sanchez eta Mariano Rajoy ordu erdi inguruan egon dira bilduta Diputatuen Kongresuan; bilera hotza izan da.

Izan ere, ez dute elkarri bostekoa ere eman, ekitaldia jarraitzen ari ziren kazetarien begiraden aurrean.

Sanchezek Rajoyri bostekoa emateko keinua egin du, baina jarduneko presidenteak jaka estutu du une horretan, sozialistak egindako keinuari muzin eginda.

Dena dela, bi protagonistek ez diote garrantzirik eman gertatutakoari, eta pribatuan elkar agurtu dutela azaldu dute.

Hala ere, PSOEk gogor egin du Rajoyren aurka Twitterren: “Bagenekien ez dela politikari zintzoa; orain ere badakigu ez dela hezibide onekoa”.

PPk hori zuzentzea eskatu dio Alderdi Sozialistari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak PSOE Alderdi Popularra Espainako Gobernuaren presidente ohia Espainiako Gobernua argazkiak Espainia bideoak Pedro Sánchez bideoak Albisteak