Politika -
Auzitegi Nazionalak
Urte eta zortzi hilabeteko eskaera berria, Def con Dosen buruarentzat
De la Mata epaileak auzia artxibatu egin zuen 2015ean, deliturik ez zegoela iritzita. Fiskalak, baina, helegitea aurkeztu zuen, onartu egin zuten eta orain eskera berria egin du.
Agentziak | erredakzioa
Def con Dosen abeslariaren aurkako auzia 2015ean artxibatu egin zuen Jose de la Mata epaileak baina, fiskalak helegitea aurkeztu zuen, onartu egin zioten, eta orain zigor eskaera berria egin du.
Egindako idazki batean, Carlos Bautista fiskalak urtebete eta zortzi hilabeteko kartzela-zigorra, zortzi urteko erabateko gaitasungabetzea eta bi urteko zaintzapeko askatasuna eskatu du Cesar Augusto Montaña Lehmann (abeslariaren benetako) artistarentzat. Strawberry Armiarma III operazioaren baitan atxilotu zuen Guardia Zibilak iaz.
Akusazioaren behin behineko idazkiaren arabera, abeslariak 2013ko azaroa eta 2014ko uztaila bitartean bota zituen mezuok Twitterren, 8.000 bat jarraitzaileri, organizazio terroristen ekintzak "goraipatzeko" eta biktimak gutxiesteko asmoarekin.
2013ko azaroan, abeslariak Madrilgo presidentea izan zuen hizpide: "Esperanza Agirreren konplexurik gabeko faxismoak GRAPO faltan sentitzea eragiten dit".
Hurrengo bi hilabeteetan, "Franco, Serrano Suñer, Arias Navarro, Fraga, Blas Piñar… Carrero Blancori emandakoa eman ezean, zahartzaroak haien alde egiten du", eta "zenbatek jarraitu beharko luketen Carrero Blancoren hegaldia". Erregeari zer oparituko ote liokeen galdetuta, berak "bonba roskoia" erantzun zuen.
2014ko urtarrilean, Jose Antonio Ortega Larari eta Eduardo Madina sozialistari buruz aritu zen. Zehatz-mehatz, "orain bahitu beharko lukete Ortega Lara" eta"Street Fighter post-ETA edizioa: Ortega Lara vs Eduardo Madina".
Fiskalaren arabera, mezu horien bidez, "biktimen ondorio psikikoak eta fisikoak mespretxatu zituen"; gainera, aipatu egin du Miguel Angel Blanco Ermuko Alderdi Popularraren zinegotzi ohia iraindu zuela, honako esaldiaren bidez: "Miguel Angel Blancoren irudia duen kamisetarik jantzi ahal da? Errespetuaren eta udaren ikuspuntutik diot".