Politika -
Negoziazioak
'Adostasun puntuak' aztertzekotan geratu dira Rajoy eta Rivera
Bruselari defizit helburua malgutzeko eskatu behar zaiola uste dute biek ala biek.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PPko buruak gaur egin du balizko gobernua osatzeko negoziazioen lehen bilera: Albert Rivera Ciudadanos alderdiko burua hartu du. Bilera luze (100 minutu) eta "adeitsua" izan da biena, eta bi indarrek dituzten "adostasun puntuak" aztertzekotan geratu dira.
Komunikabideen aurrera ateratzen lehena Rivera izan da. Horren hitzetan, PPren, PSOEren eta Ciudadanosen artean bada "lotune bat", eta hori baliatu behar da Espainiak behar dituen erreforma estrukturalak egiteko eta langabeziaren kontra jarduteko.
Europar Batzordeari defizit helburua malgutzeko eskaera egin behar zaiola uste du Riverak, eta halaxe egiteko esan dio Rajoyri. Ciudadanoseko buruak adierazi duenez, ados egon da horretan jarduneko presidentea, eta PPko buruzagia prest legoke Bruselaren aurrean "Estatu jarrera" hori defendatzeko.
PPren eta Ciudadanosen arteko balizko akordio batek ustelkeriaren kontrako konpromisoa eduki beharko lukeela azpimarratu dio Riverak Rajoyri. "Ulergaitza litzateke ustelkeria bezalako gaitz baten kontra ez borrokatzea", erantsi du.
Estatu mailako bost akordio
Riveraren agerraldiaren ondotik, jarduneko presidenteak eman ditu azalpenak. Rajoyren hitzetan, bilera "adeitsua" izan du Riverarekin. Horren esanetan, legegintzaldi honetarako estatu mailako bost akordio proposatu dizkio Ciudadanoseko buruari.
Estatu mailako bost akordio horiek hauek dira: enpleguaren eta hazkunde ekonomikoa bultzatzeko akordioa; erreforma fiskala eta autonomien finantza sistema sustatzekoa; ongizate estatua (pentsioak barne) bultzatzeko akordio soziala; hezkuntzaren aldeko ituna; eta Espainiaren batasuna defendatuko duen konpromiso instituzionala.