Politika -
Auzitegi Nazionala
Pujol Ferrusolak dio aitak ez duela zerikusirik Andorrako diruarekin
Kataluniako presidente ohiaren seme zaharrenak Auzitegi Nazionalean esan du aita Andorrako "dirutzatik aparte" zegoela.
Agentziak | Erredakzioa
Jordi Pujol Ferrusolak, Kataluniako presidente ohiaren seme zaharrenak, esan du aitak ez zuela zerikusirik Andorra ezkutatuta zuten dirutzarekin, eta aitonaren herentziatik eratorritakoa zela berretsi du.
Jose de la Mata epailearen aurrean egindako deklarazioan, Pujol Ferrusolak berretsi egin du Kataluniako Parlamentuan eta aitak atzo epailearen aurrean esan zuena, Florenci aitaren herentziatik eratorritako diruarekin egindako dirutza zela Andorrakoa. 1980an hil zitzaien aitona, eta 140 milioi euroko herentzia utzi zuen. Gero, 90eko hamarkadaren hasieran, Jordi Pujol Ferrusolak diru horrekin inbertsioak egin zituen eta ondarea handitzea lortu zuen, epaileari adierazi dionez. Hala ere, presidente ohiak ez omen zuen kudeaketa horietan parte hartu.
Atzo, Jordi Pujol Soley eta Marta Ferrusola gurasoek egin zuten agerraldia Auzitegi Nazionalean, Andorrako aipatu dirutzaren harira.
Pujolen seme nagusiak, berriz, bigarren aldiz deklaratu du dirua zuritzea egotzita. 2014ko irailaren 15ean galdekatu zuten lehen aldiz, Victoria Alvarez bikotekide ohiak Andorrara diruz betetako motxilak eramaten zituela salatu ondoren.
Pasaportea kentzeko eskaera
Bestalde, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak auzipetuari pasaportea kentzeko eskatu dio, eta Espainiako Estatutik ateratzeko debekua ezartzeko.
Eskaera horren aurrean, epaileak gaur arratsaldean edo bihar hartuko du erabakia.