Politika -

Bilera

EAJk 'elkar-ulertzeko borondatea' agertu dio PSOEri

Hala ere, sozialistek proposatutako hainbat neurrik "birzentralizazio" kutsua dutela ohartarazi du.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak "elkar-ulertzeko borondatea" agertu dio PSOEri, baina sozialistek proposatutako hainbat neurrik "birzentralizazio" kutsua dutela ohartarazi du.

Diputatu jeltzalea PSOEren talde negoziatzailearekin bildu da, eta, ondoren, prentsaurrekoa eskaini du. Horren esanetan, EAJ prest dago akordioak lortzeko. Hori bai, ez du aurreratu nahi izan zer bozkatuko duten inbestidura saioan.

Estebanek aitortu du zenbait gaitan "arazoak" egon daitezkeela segun eta norekin lortzen duen akordioa PSOEk, Ciudadanos iradokita.

Nolanahi ere, Albert Riveraren alderdiak Kontzertu Ekonomikoa kolokan jartzen ez badu, akordiorako aukerak egon litezkeela gaineratu du.

EAJko buruzagiaren esanetan, PSOEren proposamenetan "birzentralizazio" kutsua atzeman dute.

"Euskal herritarrontzat oso garrantzitsua da gure autogobernua", nabarmendu du Estabenek.

Halaber, aitortu egin du erabakitzeko eskubidea ere hizpide izan dutela, baina orokorrean soilik.

PSOEk "posible" ikusten du aldaketa

Bestalde, Antonio Hernando PSOEko bozeramaileak adierazi du "gero eta posibilitate gehiago" ikusten dituela Pedro Sanchezek "aldaketa gobernua" osatu ahal izateko.

PSOEren 'bigarrenak' txalotu egin du EAJ "Espainiaren gobernagarritasuna eta Pedro Sanchezen Gobernua errazteko prest agertu izana".

Halaber, "errespetua" agertu die EAEko "autogobernuaren eta eskuduntzei".

Hernandoren aburuz, inbestidura saioa "martxoko lehen egunetan" egingo dute, negoziazioa "zaila" izango baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Albisteak Alderdi Sozialista Espainiako Gobernua albisteak Pedro Sánchez argazkiak Eguneko albisteak