Politika -
Ustezko ustelkeria Araban
Ortuzar: "EAJk neurriak hartzen ditu ustezko usterlkeria auzietan"
BBBko presidenteak adierazi du EAJko kideek jakin badakitela "alderdiaren izen ona zalantzan dagoenean" halako neurriak hartzen dituztela.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar Bizkaiko EAJko presidenteak txalotu egin ditu Araban ustezko ustelkeria auzi batean nahasita dauden hiru kargudun jeltzaleren dimisioak. Izan ere, "EAJn jakin badakigu guztiok alderdiaren izen ona zalantzan dagoenean halako erabakiak hartzen direla".
Dena dela, RNE irrati-katean egindako elkarrizketa batean, Ortuzarrek defendatu egin du akusatuen errugabetasun-presuntzioa, "aurkakoa frogatu arte".
Auzi honetan zortzi pertsona daude auzipetuta, tartean Alfredo de Miguel foru diputatu ohia, Aitor Telleria Arabako EAJko Zuzendaritzako kide ohia eta Alfonso Arriola Herri Kontuen Euskal Epaitegiko aholkulari ohia. Hirurek dimisioa aurkeztu dute.
2011ko foru eta udal hauteskundeetara begira, auzia EAJrentzat kaltegarri izan litekeen galdetu diote, baina Ortuzarrek erantzun du duela urtebeteko hauteskunde autonomikoen "bigarren itzulia" balira bezala hartuko dituztela "guztiek".
"Hori dela eta, guretzat hauteskunde hauek oso garrantzitsuak dira, eta kirolariek esan ohi duten moduan, sentsazio onak ditugu haien aurrean", gaineratu du.