Politika -
Dirua zuritzea egotzita
Pujolek herentziaren bertsioari heldu dio berriz
Jordi Pujol eta Marta Ferrusol Auzitegi Nazionalean izan dira, baina aske utzi dituzte, kautelazko neurririk gabe.
Agentziak | Erredakzioa
Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiak herentziaren bertsioari heldu dio berriz, Andorran duen dirutza justifikatzeko.
Pujol eta Marta Ferrusola emaztea Auzitegi Nazionalean izan dira gaur, lehen aldiz, inputatu gisa deklaratzeko. Ostean, aske geratu dira, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak ez baitu eskatu kautelazko neurririk.
Agintari ohia hiru ordu eta erdi izan da Jose de la Mata epailearen aurrean deklaratzen, eta alde guztien galderei erantzuten. Emazteak uko egin dio deklaratzeari.
Iturri juridikoek azaldu dutenez, Pujolek aitortu du bazekiela emazteak kontu korronteak zituela Andorran, baina esan du ez dela inoiz harekin joan hara, eta ukatu egin du berak atzerrian konturik duela.
Oro har, Jordi Pujolek errepikatu egin du Bartzelonako epaitegian eman zuen bertsioa, hau da, ez duela zerikusirik seme zaharrenaren negozioekin, eta horrek Andorran zabaldutako kontu korronte baten jabe dela esan bazuen ere, hori semeari banantze prozesuan laguntzeko egin zuela argudiatu du.
Dirutza ezkutatzeko antolatuta
De la Matak senar-emazteak eta seme zaharrena abenduaren 30ean deitu zituen, Pujol-Ferrusola familiako kideek ?dirua garbitzeko irizpide argi batekin, urteetan zehar negozio ekonomikoak, interesak sortzeko, ezkutatzeko eta guztien artean banatzeko estrategia partekatua? izan dutela baieztatu ondoren.
Jordi Pujol Kataluniako presidente ohia eta Marta Ferrusola haren emaztea. Argazkia: EFE
Ondorioz, familia dirutza ezkutatzeko sare bat zela uste du magistratuak. ?Anai-arreben eta amaren artean baliabideak banatzeko Jordi Pujol Ferrusolari kudeatzaile izateko ardura emateko akordioa zegoen?, azaldu du epaileak.
Funtsak eskudirutan jasotzen zituzten askotan, atzerriko kontu korronteetan. Atzerriko kontuen existentzia ukatu dute behin eta berriro, eta ezkutatzen saiatu dira, De la Matak nabarmendu duenez.
Aitaren herentzia
2014ko uztailean Kataluniako presidente ohiak argitaratu zuen agiria senar-emazteak deklaratzera deitzeko arrazoi nagusia dela azaldu du magistratuak. Andorrako dirutza Florenci Pujol aitaren herentzia zela ziurtatu zuen presidente ohiak agirian. Bertsio hori ?kontakizun hutsa? dela adierazi du epaileak.
De la Matak gogorarazi duenez, Andorrako kontuetako batean, Banca Reigeko 63810 kontuan, hain zuzen ere, diruaren benetako jabea bere aita dela azaltzen du Jordi Pujol Ferrusolak agiri batean. Kontua seme zaharrenak zabaldu zuen 2000n, 307.000.000 pezetako diru-sarrera batekin; 2010eko abenduan kontua hustu zuten 1,14 milioi euro ateraz.