Politika -

Cabieces auzia

Mario Fernandez eta Mikel Cabieces epaitzea agindu du epaileak

Kutxabankeko presidente ohiak iaz azaldu zuenez, PPk Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohiari "lanpostu bat" ematea eskatu zion, terrorismoaren aurkako borrokarekin izan zuen lotura dela eta.

Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia. EFE
Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia. EFE
Mario Fernandez eta Mikel Cabieces epaitu egingo dituzte

1:48

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko instrukzio arloko 4. Epaitegiko epaileak Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia, Mikel Cabieces Espainiaren EAEko ordezkari ohia eta Rafael Alcorta abokatua epaitzea agindu du, hainbat delitu egotzita, hala nola administrazio desleiala eta diruaz bidegabe jabetzea.

Akusazioen arabera, Kutxabankek 243.592 euroko ordainketak egin zizkion Cabiecesi, Alkortaren bulegoaren bitartez, Espainiako Gobernuko ordezkari ohiak trukean zerbitzurik edo lanik egin ez zuen arren.

Instrukzio-epaileak bukatutzat eman du auziaren ikerketa, eta epaiketa egitea agindu du, ordainketak "irregularrak" ziren zantzuak badaudela argudiatuta.

Autoaren arabera, Kutxabankek Cabiecesi emandako ordainketak "kontzeptu faltsu batekin" fakturatu zituen, horrek ez ziolako zerbitzurik eskaini.

Epailearen erabakiaren berri izan ostean, Mario Fernandezek defendatu egin du Kutxabanken egin zuen kudeaketa "zintzoa" izan zela.

Agiri batean, Fernandezek esan du oraindik ez duela jaso epailearen autoa, eta eskerrak eman dizkie hedabideei horren berri emateagatik.

Horrenbestez, autoa irakurri ostean, neurriak hartuko dituela aurreratu du, bere ohorea defendatzeko.

Fernandez: "PPk lanpostu bat eskatu zidan Cabiecesentzat"

Iaz auzia argitara atera zenean, Mario Fernandezek azaldu zuen "PPko buruzagi batek" Cabiecesi lanpostu bat ematea eskatu ziola, terrorismoaren aurkako borrokarekin izan zuen lotura dela eta.

Kutxabankeko presidente ohiak orduan azaldu zuenez, "terrorismoaren aurkako borrokaren lehen lerroan" izan diren pertsonei laguntzea "30 urtez gobernu eta alderdi guztiek errespetatu izan duten eta idatzita ez zegoen lege bat" izan da.

"Zer egingo zenukete zuek norbaitek terrorismoaren aurkako borrokaren lehen lerroan izan den pertsona bati laguntzea eskatu izan balizue?", galdetu zuen Mario Fernandezek, eta "segur aski, nik neuk eta gobernu, enpresa eta erakunde askok egin dugun gauza berdina", erantzun zion bere buruari.

Horren esanetan, 2012ko hasieran "PPko buruzagi batek" deitu, eta Kutxabanken laguntza eskatu zion, Mikel Cabiecesi "lanpostu bat bilatzeko". Gainera, "Estatu politika" gisa, Barne Ministerioarekin eta terrorismoaren aurkako borrokarekin lotura izan duten pertsonei lana bilatzea "ohitura" zela azaldu zion.

Horregatik, "Kutxabankeko Giza Baliabideen arduradunari helarazi nion eskaera, eta horrek iguala kontratua genuen abokatu bufete batekin harremanetan jartzea proposatu zidan". "Hainbat kudeaketa egin ondoren, akordioaren berri eman zidaten, eta oniritzia eman nuen", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAE Kutxabank Epaiketak albisteak Ustelkeria politikoa gaur Gaurko azken ordukoa