Politika -

UPyD-ren sortzailea

Rosa Diezek eta Andres Herzogek UPyD utzi dute

UPyDko sortzailearen esanetan, alderdi magentari dion errespetuagatik eta maitasunagatik hartu du 'erabaki mingarri' hori.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rosa Diez Union, Progreso y Democraciako (UPyD) sortzaileak alderdia utzi duela iragarri du, Facebookeko haren kontuan idatzitako testu-iruzkin baten bitartez. Halaber, harekin batera alderdia utzi dute Andres Herzogek eta Carlos Martinez Gorriaranek, hots, aurreko legegintzaldian UPyDk Espainiako Diputatuen Kongresuan zuen talde parlamentarioko bigarrenak.

Hirurek gaur iragarri dute erabakia beren Facebookeko kontuetan argitaratutako testu-iruzkinen bitartez. Azaldu dutenez, ez dute lortu alderdia desegiteko Kongresua egitea -militanteen bi herenen sinadura behar da horretarako- eta horren ondotik hartu dute erabakia.

"Nire iritziz, hiritarren epaia onartu eta errespetatu behar dugu eta horren baitan jokatu, harik eta gure proiektua zaintzeko eta alderdiaren gainbehera mingarria saihesteko", adierazi du Rosa Diezek Facebookeko haren kontuan.

Diezek ziurtatu duenez, alderdi magentari dion errespetuagatik eta maitasunagatik hartu du "erabaki mingarri" hori. Gainera, esker oneko hitzak izan ditu alderdiarentzat.

Haren esanetan, "Estatua defendatzeko eta erakundeen barrutik aldaketa politiko erradikalak eragiteko" helburuarekin jaio zen UPyD 2007an. Alderdi magentak erakundeetan ordezkaritza izan zuen bitartean helburu hori lortu zuela uste du; aitzitik, azken aldian egin diren hauteskundeetan lorturiko emaitza txarren ondotik eta Diputatuen Kongresutik at geldituta, ez du uste helburu hori betetzen duenik. Gaur egun, udaletan eta Eusko Legebiltzarrean baino ez du ordezkaritza UPyDk.

Alderdi magentaren sortzailearen iritziz, UPyDren ideiak defendatzen jarraitzeko beharrezkoa da alderdiari "amaiera duin" bat ematea eta, gero, berri bat sortzea. Are gehiago, uste du hori dela aukera bakarra "garai berriak heltzen direnean" proiektua birsortzeko.

Bestalde, disoluziorako Kongresu baten baitan eztabaida "libre eta zentzuduna" egitea gustatuko litzaiokeela aitortu du, baina ez dela posible izan gaineraut du. "Horrenbestez, eta koherentea izan nahi dudanez, aukera bakarra alderdia uztea da", gaineratu du.

Andres Herzog Diezekin bat dator UPyDren izpiritua gordetzeko aukera bakarra dela esaterakoan, alderdia "merezi ez dutenen eskuetan gelditzeko" arriskua uxatuz. Are gehiago, alderdiaren gainbehera eragozteko bidea dela gaineratu du.

 

Martinez Gorriaranek ere alderdia utzi duela iragarri du gaur, Rosa Diezen arrazoi berak aipatuta. Haren hitzetan, "alderdi politiko instituzional batek ez dauka zentzurik parlamentuetatik at".

UPyDk beharrezkoa izaten jarraitzen duela erantzun die Gorka Maneirok Diezi eta Herzogi

UPyD alderdia zuzentzen duen gestorako presidente den Gorka Maneirok Rosa Diezi, Andres Herzogi eta Carlos Martinez Gorriarani erantzun die eta alderdi magentan beharrezkoa izatean jarraitzen duela aldarrikatu du.

Hala adierazi du haren Twitter kontuan argitaratutako iruzkin batean: "UPyDren ideiak beharrezkoak diren bitartean UPyD beharrezkoa izango dela uste dut. Gaur egun, beharrezkoa izaten jarraitzen du. Eskerrik asko".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika UPyD Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia albisteak Alderdi politikoak berriak Eguneko albisteak