Politika -
Negoziazio batzordeak
PSOEk gobernatzeko agiria aurkeztuko die gaur alderdiei
Txostena goizean banatuko dute sozialistek, eta, ondoren, IUrekin (12:30), Ciudadanosekin (16:00) eta Compromisekin (18:00) bilduko dira Kongresuan.
Agentziak | Erredakzioa
PSOE gobernu akordio bat adostu nahi duen alderdiekin negoziatzen hasiko da gaur. Horretarako negoziazio batzordeei proposamenen agiri bat aurkeztuko die.
Txostena goizean banatuko dute sozialistek, eta, ondoren, IUrekin (12:30), Ciudadanosekin (16:00) eta Compromisekin (18:00) bilduko dira Kongresuan, balizko akordio batean sartzeko puntuak aztertzeko.
Litekeena da PSOEren negoziazio batzordea aste honetan biltzea EAJrekin, baina oraindik ez dute datarik zehaztu.
Sozialistek Podemosi ere igorriko diote euren dokumentua, Ciudadanosekin negoziazioa zabalik duten bitartean Pablo Iglesias buruzagiak Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin hitz egitea baztertu badu ere. Ciudadanosekin harremanetan jarraituko duela esan du PSOEk.
Ciudadanosek, bere aldetik, PPrekin elkarrizketa bide bat izan nahi duela iragarri du, nahiz eta sozialisten oniritzirik ez izan.
Bestalde, Sanchez eta Mariano Rajoy Gobernuaren jarduneko presidentea aste honetan biltzekoak dira Kongresuan, baina akordio batera heltzeko batere itxaropenik gabe.
Datozen egunetan, ERC eta Democracia i Llibertat alderdietako buruzagiekin ere bildu nahi du Sanchezek, eta inbestidurarako babesik ez diela eskatuko aurreratu du.
Zazpi ardatz
PSOEren agiriak zazpi ardatz ditu. Aurrena politika ekonomikoaren norabide aldaketa da, bidezko susperraldi ekonomikoa lortzeko, eta lanpostu gehiago eta hobeak sortzeko.
Desberdintasunaren aurkako borroka, gizarte larrialdietarako plan bat eta gutxieneko diru-sarrera bat onartzea, eta etxegabetzeekin eta pobrezia energetikoarekin amaitzea dira beste lehentasunak.
Horiekin batera, ustelkeriaren kontrako borroka, hezkuntzaren inguruko ituna, segurtasun legea indargabetzea eta Kataluniaren arazoa konpontzeko Konstituzioaren erreforma martxan jartzea lehenetsiko ditu PSOEk.