Politika -
Kartzela politikoa
Inork ez du PPk bezain gaizki egingo kartzela politikan, Sareren ustez
Adierazpen bat aurkeztu du, eta datozen hilabeteetan "herriz herri eta auzoz auzo" banatuko du, presoen eskubideen defentsan herritarren babesa bilatzeko.
agentziak | erredakzioa
Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataformak uste du inork ezin duela PPren Gobernuak baino okerrago egin kartzela-politika alorrean, Espainiako Gobernuaren ardura beste edozein alderdik hartuz gero.
Gogoeta horixe adierazi dute Joseba Azkarraga eta Ainhoa Azkarate Sareren bozeramaileek, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko eta gainerakoak Euskal Herrira ekartzeko deia egiten duen adierazpen baten aurkezpenean, Gasteizen.
Azkarragak "eragile politiko zahar eta berriei" helarazi die arazoak ez direla "beste aldera begiratuta" konpontzen, eta aurre egin behar zaiola "konpontzeke dagoen arazoari".
"Gobernu berri bat egonez gero, mila zilipurdi egin beharko lituzke egungoak baino okerrago egiteko", adierazi du Azkarragak. Izan ere, gaia "oso gaizki" planteatuta ere, "oso zaila da" PPren Gobernuak egindakoa gainditzea, "beste alde batera begiratu" duelako eta kartzela politika "gogortu" ere egin duelako.
Gaur aurkeztutako adierazpena "herriz herri eta auzoz auzo" banatuko dute, eta herritarren babesa bilatzeaz gain, zuzenbideko, unibertsitateko, kiroleko eta kulturako profesionalen atxikimendua lortu nahi dute.